GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aldundiei eusteko itunetara heltzeko prest azaldu da EAJ Gipuzkoan eta Araban

Araba eta Gipuzkoako foru aldundiei eusteko edozein alderdirekin akordioetara heltzeko prest azaldu ziren atzo Xabier Agirre eta Markel Olano EAJko hautagaiak Gasteizen eta Donostian egindako bi agerralditan, erakundeotan egonkortasuna mantentzea argudio hartuta.

p014_f01_148x116.jpg

GARA

Araba eta Gipuzkoako foru aldundietan aginteari eusteko hauteskundeen ostean beste alderdiekin akordioetara heltzeko borondatea azaldu zuten atzo EAJko hautagaiek, Xabier Agirrek eta Markel Olanok, Gasteizen eta Donostian egindako bi agerralditan.

Agirrek Gasteizen esan zuenez, «edozein alderdirekin» hitz egiteko prest da EAJ Araban. Izan ere, alderdi jeltzalearen helburua «foru gobernuari egonkortasuna emango dion edozein itun» lortzea da.

Zentzu horretan, «EAJk herri honetan, eta baita Espainian ere, edozein alderdirekin itunak egiteko gai» dela frogatu duela ekarri zuen gogora Agirrek.

«Araban izango diren emaitzak beste lurraldeetakoak baino korapilatsuagoak izango dira eta datu horiek eskuetan ditugunean, berehala hasi beharko dugu lanean zein akordio edo itun lor daitezkeen ikusteko», gaineratu zuen Agirrek.

Azken lau urteotan PSErekin izandako ituna ere aztertu zuen EAJko hautagaiak. «Zilegi diren desadostasun politikoen gainetik, erakundeen egonkortasuna lehenesteko gai izan gara. Izan ere, egoerak horrela eskatzen zuen», nabarmendu zuen. «Aldundian lau aurrekontu hitzartu izana eta Gasteizeko Udalean beste lau ez da gauza makala», esan zuen Agirrek.

Gipuzkoari dagokionez, Markel Olanok PSEren eta PPren arteko akordioa baliogabetzeko abertzaleen batasunaren alde egin zuen. Aldiz, egungo ahaldun nagusiak ez zuen baztertu hauteskundeen ostean «Gipuzkoaren erronkak eta azpiegitura handiak aurrera eramateko» bi alderdi horiekin akordioak egitea. Legegintzaldi honetan ere, gisa horretako akordioak izan dira EAJren, PPren eta PSEren artean politika fiskalaren edo aurrekontuen gainean.

Azken legegintzaldian Gipuzkoako Aldundian EAJrekin agintean egon den Hamaikabat alderdiak egindako kritikei ez zien erantzun nahi izan Olanok. «PPk eta PSOEk erakundeetatik abertzaleak kanporatzeko fronte bat osatu dutenean ez da egokia abertzaleen arteko eztabaida irekia bat abiatzea. Elkarlanerako garaia da, banatzen gaituena ez nabarmentzeko eta elkartzen gaituena indartzeko», esan zuen.

Bakea lortzea eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea izango dira EAJren hauteskunde programako ardatz nagusiak. Horrekin batera, Markel Olanok atzokoan nabarmendu zuenez, «krisitik ateratzea», Gipuzkoaren lehiakortasuna indartzea, gizarte politiken jasangarritasuna bermatzea eta euskara bultzatzea ere EAJren egitasmoen artean daude.

Araba

«Araban izango diren emaitzak beste lurraldeetakoak baino korapilatsuagoak izango dira eta horiek eskuetan berehala hasi beharko dugu lanean akordio edo itun bat lortzeko», nabarmendu du Xabier Agirrek.

Gipuzkoa

Abertzaleen batasunaren alde azaldu bazen ere, Gipuzkoan egiten ari diren azpiegitura handiak aurrera eramateko PSOE eta PPrekin akordioetara heltzeko prest azaldu da Markel Olano.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo