Kaleszenak musika, «clown» eta antzerki lanez beteko ditu Bilboko kaleak
GARA | BILBO
Aurtengo Kaleszena programak 17 kale ikuskizun izango ditu Aste Santuan Bilboko Plaza Barrian, Ertzilla eta Garcia Rivero kaleetan eta Arriaga plazan. Besteak beste, kale antzerkia, clown-ak, musika ikuskizun ibiltariak edota zuzeneko folk eta jazz kontzertuak izango dira; gainera, Deabru Beltzak konpainiaren «The Wolves» ikuskizun ibiltariaren aurrestreinaldia ere ikusteko aukera izango da.
Kaleszena programa ostegunean bertan abiatuko da, 18.00etan, Plaza Barrian, honako clown taldeekin: Zirika Zirkus, Cie. Kirouol, Envol Distratto eta Hiltoff. Egun horretan bertan, 21.30etik aurrera, Korrontzi folk taldearen kontzertua izango da, Oinkari taldearekin batera.
Hurrengo egunetan ere, igandera bitartean, ikuskizun ugari izango dira. Larunbatean, esaterako, Deabru Beltzak konpainiak «The Wolves» lanaren aurrestreinaldia eskainiko du Alde Zaharrean.