GARA > Idatzia > Kultura

Opera emanaldiak proiektatuko ditu Arriaga antzokiak

GARA | BILBO

Bilboko Arriaga antzokiak «Opera eta zinema» programa berria eskainiko du Aste Santuan eta Madrilgo Teatro Realen eta OLBEren opera produkzio handiak proiektatuko ditu apirilaren 20tik 23ra. Bihar, «El Barbero de Sevilla» ikusi ahal izango da. Obra hori Teatro Realen produkzio bat da, Emilio Sagiren eszena zuzendaritzarekin eta Gianluigi Gelmettiren musika zuzendaritzarekin egindakoa. Ostegunean, berriz, «Tosca» emango dute, 2004ko urtarrilean Nuria Esperten eszena zuzendaritzarekin eta Mauricio Beniniren musika zuzendaritzarekin estreinatutako produkzioa.

Apirilaren 22an, Jacques Offenbachen «Les contes d'Hoffman» opera ezaguna ikusi ahal izango da. Sevillako Maestranza antzokiaren, Nizako Operaren eta Erromako Operaren arteko koprodukzioa da, Alain Guingalen musika zuzendaritzarekin eta Gian Carlo del Monacoren eszena zuzendaritzarekin egindakoa. Opera lana 2006an grabatu zuten, Euskalduna Jauregian.

Zikloa larunbatean bukatuko da, Teatro Realek Verdiren «La Traviata» ospetsuaz egindako produkzio batekin. Eszena zuzendaritzaren, eszenografiaren eta figurinen arduraduna Pier Luigi Pizzi da. Miquel Ortega da musika zuzendaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo