GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Bagarela eta ez garela

Lagun bati zerbait harrigarria gertatu zitzaion. Atzerrian ezkondu behar zela eta, Espainiako enbaxadara joan zen paperak egitera. Hara non, bertan esaten diote ez dela existitzen. Lagunak ezin zuen sinistu; bere izatearen gaineko zalantzak jota. Sendi errepublikazaleko semea Espainiako gerra ostean jaioa erbestean, nonbait bere sortzearen erregistroa ageri ez. Baina bera han zegoen, hezur eta haragiz funtzionario haren aurrean. Eta honek berarekin hitz egiten zuen. Ez zen, baina bazen. Izena eta izana bazituen. Erbesteak, nonbait, inexistentziara kondenatu zuen.

Marc Legassek, metafora ederra egiten zuen kontrabandistak eta Euskal Herriarekin, «Los contrabandistas de Ilargi Zaharra» liburuan. Kontrabandistak, idatzi zuen, Euskal Herria bezala, egon badaude baina ez dira; ilargi zaharraren argi pean ibiltzen dira, mugarik gabeko munduan. Inexistentziara kondenatuak, bide zidorretan barrena kontrabandistek badakite izan badirela. Sorginak bezala.

Bere existentzia zalantzan jarri zuen gizon bati gauez etxera bueltan zihoala agertu eta argi utzi zioten auzia: «Ez garela, baina bagaituk, ehun eta berrogeita hamalau bagaituk!». Arbola batetik bere burua urkatuta topatu zuten goizean.

Ipuin kontalariak ere ilargi zaharraren argitan izenen izanak zabaltzen omen dituzte. Hitzen mugetan barrena bidaiatu. Eduardo Galeanok idatzi zuen, ipuinak kontatzen dakienak badakiela izena dela izenak izendatzen duen gauza. Eta kontalariak badauden arren, zaila da inon azaltzea izenez. Lagunari bezala gertatu ohi zaio kontalariari, bere existentzia, izena, aldarrikatu behar izatea.