GARA > Idatzia > Kultura

«Irakurri, gozatu eta oparitu» egitasmoarekin irakurzaletasuna bultzatu nahi du Topaguneak

Topaguneak irakurzaletasuna sustatu asmoz «Irakurri, gozatu eta oparitu» egitasmoaren bosgarren edizioa jarri du martxan. Hego Euskal Herriko hamabi herritan gauzatuko da kanpaina.

GARA | DONOSTIA

«Irakurri, gozatu eta oparitu» egitasmoaren bosgarren edizioa aurkeztu zuen atzo Donostian Topaguneak, euskara elkarteen federazioak. Euskarazko irakurketa sustatzeko asmoz, Hego Euskal Herriko hamabi herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.

Aurkezpenean Topaguneko Manuel Morenok eta Manuel Larramendi Bazkuneko kide Bakartxo Iguaranek azaldu zuten moduan, kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira bertan parte hartzeko. Lehenengo pausua herriko liburutegi publikora joan, euskarazko edozein liburu maileguan hartzea eta ondoren irakurtzea da.

Ondoren, liburutegira bueltatu eta fitxa bat bete beharko da. Liburuzainak erosketa txekea emango du fitxaren truke, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Azken pausoa, aurreko urteetan bezala, liburua oparitzea da. Liburutegian jasotako txartelarekin, prezioaren %25 ordaindu ahal izango da liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erostean, edo %50 euskara elkarteren bateko kidea izanez gero.

Topagunetik adierazi dutenez, euskararen «erabilera gozagarria» sustatu nahi dute, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez. Euskara elkarteetako bazkideak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea, era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea ere badute xede.

Hasiera, Liburuaren Egunean

Egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazioarteko Egunean eta uztailaren 23an bukatuko da. Antolatzaileen esanetan, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta, ondorioz, uda aurreko hilabeteak oso egokiak iruditu zaizkie liburu trukea sustatzeko.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 12 herritan egongo da martxan kanpaina, tokian tokiko euskara elkarteek sustatuta. Araban, Aramaion (Txirritola) egingo da; Bizkaian, Santurtzin (Bai Esan), Ermuan (Euskal Birusa) eta Basaurin (Euskarabila); Gipuzkoan, Deban (Zuhatza), Lazkaon (Goierriko Euskal Eskola), Andoainen, Asteasun, Amasa-Villabonan (M. Larramendi) eta Urnietan (Inistorra-M. Larramendi); eta Nafarroan, Irurtzunen (Aizpea) eta Lizarran (Garean).

Iaz 16 herritan gauzatu zen egitasmoa, eta eragin positiboa izan zuen liburutegietako euskarazko liburuen maileguan, batez ere 18 urtetik gorako irakurleen artean. Liburu salmentetan ere positiboa izan zen; 600 liburu baino gehiago saldu ziren parte hartu zuten 23 liburu dendetan, erosleek horretarako egitasmoak eskaintzen dien erosketa txekea erabilita.

Abian jarritako egitasmoak Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela eta Susa argitaletxeen laguntza jaso du, Lakuako Gobernuaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien babesaz gain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo