GARA > Idatzia > Euskal Herria

Esnaolak eta Etxeberriak tortura salaketak berretsi dituzte

Aitor Esnaola eta Lander Etxeberria dagoeneko Soto del Realeko espetxean daudela, amnistiaren aldeko mugimenduak bi euskal herritarrek inkomunikatuta igarotako egunetan jasandako torturen berri eman zuen atzo. GARAk azken egunetan argitaratutakoa berretsiz, Guardia Zibilaren eskutik pairatutako tratua «jasanezina» izan dela aitortu dute biek.

GARA | DONOSTIA

Amnistiaren aldeko mugimenduak Guardia Zibilaren eskuetatik pasatu diren azken euskal herritarren tortura testigantzak eman zituen ezagutzera atzokoan. GARAk azken egunetan argitaratutakoa berretsiz, Aitor Esnaolak eta Lander Etxeberriak inkomunikatuta eman dituzten egunak, bost Esnaolak eta bi Etxeberriak, oso gogorrak izan direla ezagutarazi dute. Hain zuzen ere, biak izan dira kolpatuak, mehatxatuak eta deklarazioak sinatzera behartuak.

Atxiloketa gertatu eta hurrengo hamabost orduak, bizitoki duen baserrian igaro zituen Esnaolak. Bertako egonaldia «oso arraroa» izan zela dio. Legorreta utzi eta Gasteizko auzitegiko medikua ikusi ostean, Madrilera bidean, «espero zuena» hasi zen. Ziegara sartutakoan arauak esplikatu zizkioten. «Ezin nuen bururik altxa eta begiak itxita eduki behar nituen eurekin nengoenean», azaldu du legorretarrak.

Segituan gela batera eraman zuten eta bertan biluztu egin zuten, baita pixka bat busti ere. «Pintza bat jarri zidaten barrabiletan eta beste bat hanketan, antifaza buruan, basatiz inguratuta, biluzik eta elektrodo makina bat martxan jartzeko prest zeudela; hala ere, ez zuten martxan jarri».

Goma-aparretan bildu ostean, «poltsa» sesioak hasi ziren. «Bozgorailu» batean bezala sentitzen zela eta nahi izanda ere ezingo zuela konfesiorik egin dio testigantzak. Eta luzera jo zuen tortura sesioak. Izan ere, orduak eman zituen horrela. «Txikituta nengoen eta hasi besterik ez ginen egin». Ildo bereko bi saio jasan zituen.

Gero, sesioa hotzak iritsi ziren. Ordurako gorputza ez zuen sentitzen, eta mugimenduak koordinatzeko edo hitz egiteko gai ez zen. «Minari aurre egingo niola uste nuen, banuen konfiantza neure buruarekin, baina ez nuen gertatutakoa espero», dio.

Gerora ere poltsa sesio gehiago pairatu behar izan zituen. Deklarazio polizialean, berriz, Guardia Zibilak aurretik «nabarmen» prestatu zuten guztia. Bigarren deklarazio polizialaren ostean bukatu ziren Esnaolaren inkomunikazio egunak.

Etxeberria ere, berdin

Villabonako Lander Etxeberriaren testigantzan errepikatu egiten dira hainbat pasarte. Denbora guztian «begiak tapatuta» izan zituela, «antifazarekin eta jertsea burutik behera» izan zela adierazi du Etxeberriak. Galdeketetan guardia zibilak bi taldetan banatzen ziren; talde bakoitza «lau edo bost» guardia zibilez osatuta zegoen.

Gerritik behera biluzik jarri eta paretaren kontra jarri zutela eta bortxatzeko itxurak egin zizkiotela dio Etxeberriak. «Makila bat zutela uste dut eta hau ipurditik sartzeko simulazioa egiten zuten. Hori hiru alditan errepikatu zuten».

Mehatxuek eta oihuek ez zuten etenik izan, semearen izena errepikatzen ziotelarik «behin eta berriz».

Goma-aparrarekin bildu zioten gorputza Etxeberriari ere, eta modu horretan berriz ere poltsa estutu zioten. Villabonako herritarraren egonezina areagotuz joan zen. «Hilko nintzela uste nuen. Txikituta nengoen, negar batean... Buruan zauri bat egin nahi izan nuen guztiarekin amaitzeko, baina ez nuen horretarako indarrik ere».

Etxeberria Beran atxilotu zuten, lanetik ateratzean, laneko furgonetan zihoala. Horren harira, Fleming ikastetxeko Guraso Elkarteak honakoa salatu du: «Atxiloketaren unean une latzak bizi izan ziren gure eskolaren inguruan haurrak jolasten ari ziren bitartean. Bertan zeuden gure seme-alabek Guardia Zibilaren jarrera bortitza pairatu behar izan zuten».

«Jasanezina»

Bai Aitor Esnaolak bai Lander Etxeberriak inkomunikazio aldian Guardia Zibilaren partetik tratu «jasanezina» jaso zutela nabarmendu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo