GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Estatu terrorismoaren eite berria

Ameriketako Estatu Batuek Afganistanen burutu nahi duten egonkortze prozesu kiribildua hankaz gora bota dezaketen eraso talibanak atzerarazteko CIAk eta Petraeusek duten lanabes ia bakarra droneekin egindako hilketak dira

Gaur zortzi burutu zuten Ameriketako Estatu Batuetako Aire Armadaren eta CIAren bi drone edo tripulazio gabeko hegazkinek azken hilketa «hautatua» Pakistan iparraldean. Hildakoak sei izan zirela aditzera eman zen, baina haien nortasun zehatzaz iruzkin kontrajarriak argitaratu dira: batzuentzat M. Nazir-en talde armatuko ekintzaile waziriak liratekeenak bertako herritar arruntak baino ez lirateke besteentzat, eta Haqqani gerraburu talibanaren gerrillari afganistandarrak zirela dioenik era bada. Kontu garbirik ez, beraz. Beti bezalatsu, egia esateko. Erasoaren benetako berritasuna ondorio politikoetan egon daiteke, ordea. Pakistango gobernuak gogotik gaitzetsi du hilketa jendaurrean eta diplomatikoki (hori ez da batere berria) eta, iritzi publikoaren haserre gero eta gogorragoari men eginez edo, lehen ministroak jakinarazi du bitartekariekin harremanetan ipini direla Ameriketako Estatu Batuek gisa horretako erasoak behin betirako eten ditzaten, orain arteko ezkortasuna maila bat gorago eramanez.

Ez du ematen, haatik, CIAren asmoa hori denik: tripulaziorik gabeko hegazkinekin burututako hilketa «hautatuak» etenda egon dira martxoaren 17az geroztik (hau da, Raymond A. Davis espioi eta hiltzaile estatubatuarra diru trukean aske geratu zeneko biharamunetik), lau astez. Baina, bistan denez, berrekin egin diote jarduerari, eta ohiko iturri estatubatuarrek aditzera eman dute erasoak jarraitzekotan daudela, pakistandarren onespenarekin edo gabe, 2010eko marka (118 eraso guztira) gainditzea kostako bazaie ere. Ez da argiegia izan behar zergatia asmatzeko: Ameriketako Estatu Batuek Afganistanen burutu nahi duten egonkortze edo «afganizazio» prozesu kiribildua hankaz gora bota dezaketen eraso talibanak atzerarazteko CIAk eta Petraeusek eskura duten lanabes ia bakarra droneekin egindako hilketak dira. Egun, tripulazio gabeko hegazkin horietako gehienak Pakistango baseetatik abiatzen dira, baina, bi herrialdeen arteko tentsioaren areagotzeak ezinduko balu, Afganistango baseak geratuko litzaizkieke. Haien kontrolak, noski, betiko lekuan, jarraituko du: Nevadako Creech basean, gudatik milaka kilometrotara.

Horrela esanda, gerra-istorio berri bezain arruntaren aurrean gaudela pentsa liteke: alde bakoitzak, berea defendatzen duen bitartean, eskura dituen armekin erasotzen dio aurkariari. Talibanek, NATO eta armada afganistandarraren aurkako atentatu eta ekintza suizidekin; CIAk, droneekin egindako hilketen bitartez. Bereizkuntza moraletan sartu nahi ez duenarentzat aski izan daiteke.

Mendebaldar espedizio-armaden gailentasun morala aintzakotzat hartzen dutenek, ordea, ñabardura potolo bati egin beharko diote aurre: estatubatuarren eraso hauetan hildako zibilen kopurua izugarria da. Gaia arakatzen saiatu diren batzuen ustez, horrela hildako ekintzaile «etsai» bakoitzeko, hamar bat zibil errugabe lirateke bonbek akabatutakoak.

Estatu terrorismoaren definizio zorrotzenak ere aseko dituen zerbait aurkitzeko zer besterik behar ote da?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo