GARA > Idatzia > Kultura

Larramendiren Hiztegi Hirukoitza Euskaltzaindiaren esku hamar urtez

«Erdaldunak euskal hizkuntzaren aberastasunaz konbentzitzeko» Aita Manuel Larramendik 1745ean argitaratutako Hiztegi Hirukoitzaren ale bat hamar urterako laga dio Euskadiko Kutxak Euskaltzaindiari. Espainiako Errege Akademiaren hiztegia euskaratu zuen Larramendik. Bi liburukinetan banatuta, 800 orritik gora biltzen ditu «harribitxiak» eta jesuita honen beste hainbat libururekin batera ikusgai dago Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

p039_f01_204x108.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Oraindik ere, askoren ustez alferrikako lana dena egin zuen bere garaian Aita Manuel Larramendi jesuitak (Andoain, 1690 - Azpeitia, 1766): euskarak gramatika baduela frogatu eta gure hizkuntzak ezertarako balio ez duela errepikatzen duten ahoak isilarazten saiatu.

Ahalegin horretan plazaratu zuen Hiztegi Hirukoitza (Diccionario trilingüe del castellano, bascuence, latin) 1745ean, «erdaldunak euskal hizkuntzaren aberastasunaz konbentzitzeko». Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademiaren Hiztegia argitaratu berri zela, osorik euskaratu nahi izan zuen. Orain, hiztegi horren ale baten hamar urterako lagapena egin dio Euskadiko Kutxak Euskaltzaindiari, modu honetan, ikertzaile eta adituek azter dezaten, eta herritarrek ere eskura izan dezaten. Izan ere, Euskaltzaindiaren eta Euskadiko Kutxaren webguneetan jarriko dutela iragarri zuen atzo Julio Gallastegi bankuko zuzendari nagusiak, «ondare honen erabilera demokratizatuz».

Hiztegiak hitzaurre luzea du, Larramendik berak Loiolara erretiratu zenean idatzia, eta euskararen defentsa sutsua egiten du. Euskararen historian «mugarri» izan da ia 45.000 sarrerekin eta, Andres Urrutia euskaltzainburuak atzo ziurtatu zuenez, «1900 bitartean bera izan zen hiztegigilerik handiena, zabalduena eta erabiliena». Larramendik herriz herri aztertu zituen euskal hitzak baina bitxia da, aldi berean, nola uztartu zituen berak sortutako hitzekin.

Pruden Gartziak, Azkue Bibliotekako zuzendariak azaldu zuen atzo Larramendiren garrantzia: «Goi mailako postuak izan zituen. Salamancako unibertsitateko katedraduna izan zen eta, horretaz gain, Espainiako erreginaren konfesorea izan zen urte askoan. Pentsa dezakezue ez dela edozeini ematen zitzaion kargua. Ondoren, bere zahartzaroa, hogei urtetik gora, Loiolako santutegian pasa zuen eta han idatzi zuen bere lanaren zatirik handiena».

«Bestelako lan txarretan...»

Hiztegiaren lagapenarekin batera, Euskaltzaindiak Larramendiri eta bere obrari tarte bat eskaintzeko aprobetxatu du, erakusketa xume batekin. Bilboko Plaza Barriko egoitzan, jesuita bizirik zegoeneko lanak eta ondoren argitaratutakoak bildu ditu Azkue Bibliotekak.

Obra guztien erdian, Larramendiren lana eta motibazioa laburbiltzen duen honako testua ikus daiteke, bere «Corografía» (1754) liburuko sarreratik hautatua: «Aspaldi nabil nola Euskal Erriak edertu, ta jasoko ditudan. Bost gau illun, eta bost egun argi iragoak ditut, egiteko onetan; baita gure euskera, izkuntza guztien zarrena aien garai nola ezarriko dedan. Baña ezta sinistekoa zer gertatzen zatan. Batzuek diote bestelako lan txarretan nabillela (...). Besteak obeko nukeala itxegi beargai goragoren eta ederragoren bati (...). Ainbeste urtean neabile ezagutu naiez gure hizkuntza miragarriaren txitezkoak, ta etzeatiet oraindikan osoro ezagutu; ain dek beargai au andi, larria».

Bizi zen artean argitaratutako obra esanguratsuenetakoa da «El imposible vencido. Arte de la Lengua Vascongada» (1729), euskararen gramatikari buruzko lehen lana. «Euskara hizkuntza basatia zela esaten zion jendeak, ezertarako balio ez zuena eta araurik gabea. Berak esan zuen: `Badu gramatika eta nik idatziko dut'», azaldu zuen Gartziak.

Besteren artean, honako liburuak topatuko ditugu: «De la antiguedad, y universalidad del bascuenze en España» edo «Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria: question decidida si las provincias de Bizcaya, Guipuzcoa, y Alava, estuvieron comprehendidas en la antigua Cantabria».

ERAKUSKETA

Hiztegiarekin batera, Larramendiren obrak ikusgai jarri ditu Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekak. Horien artean da, adibidez, «Sobre los Fueros de Guipuzcoa», Euskal Herriaren independentziaren aukera planteatzen duena, eta zentsuratua izanik, 1983ra arte argitaratu ez zena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo