Bozen ostean lehertutako oldarraldiak dozenaka hildako eragin ditu Nigerian
Nigeriako Hauteskunde Batzorde Nazional Independenteak Goddluck Jonathan larunbateko bozen garailetzat jo badu ere, Muhammad Buhari bere aurkari nagusiak irregulartasunak salatu ditu. Salaketa horrek indarkeria oldea sortu du herrialdearen iparraldean.
GARA | ABUJA
Azken hamarkadetako hauteskunde orokor lasai eta gardenenak izango zirela iragarri zuten nazioarteko begiraleek, baina azken egunetan Nigerian lehertutako indarkeria oldeak ez du inolaz ere halakorik erakusten. Nigeriako Hauteskunde Batzorde Nazional Independenteak Goodluck Jonathan Nigeria hegoaldeko hautagai kristaua jo zuen herenegun pasa den larunbatean egindako bozen garaile -botoen %57 lortuta-, eta horrek zeharo sutu ditu botoen %31 bildu dituen Muhammad Buhari iparraldeko hautagai musulmanaren jarraitzaileak. Buharik berak uko egin dio bozen emaitzak onartzeari, iparraldeko pare bat barrutietan, Kanon eta Katsinan, irregulartasunak egon direla defendatzen baitu.
Salaketa horiek tarteko, hain justu, hautagai musulmanaren jarraitzaileek iparraldeko zonalde horretan dendak arpilatu eta elizak erre dituztela salatu dute segurtasun indarrek; nazioarteko Gurutze Gorriak, ordea, egoera are larriagoa dela ohartarazi du, tartean hildakoak eta zaurituak daudela ere ziurtatu baitu. Berri agentziek jasotzen zutenez, hamar lagunen hilketa baieztatzera iritsi dira Gobernuko ordezkariak; alabaina, hildakoen kopurua honezkero 33ra ailegatu dela ziurtatzen dute lekuko eta erreskate zerbitzuko langileek.
«Inoren handinahiak ez du merezi nigeriarren odolik isurtzea», nabarmendu zuen atzo Jonathanek presidente gisa egindako lehen adierazpen ofizialean. «Dei egin nahi diet agintari politiko guztiei gure herriaren mesedetan indarkeria alde batera utz dezaten», gehitu zuen. Ordu batzuk beranduxeago heldu zen Buhariren erantzuna. «Guk ez dugu zerikusirik ekintza horiekin. Ez dugu sekula indarkeriara jo, zergatik egingo dugu orain?», segurtatu zuen.
Oposizioarekin hartu-emanetan jardun dela argudiatuta, Emmanuel Iheanacho Barne ministroa kargutik kentzea erabaki du Goddluck Jonathanek; aurrerantzean, Lan ministerioak hartuko du horren gidaritza.