GARA > Idatzia > Euskal Herria

Korrikak euskararen inguruko «kohesioa» lortu duela dio AEK-k

Atzo Bilbon eskainitako prentsaurrekoan 17. Korrikan parte hartu duten guztiei eskerrak eman zizkien AEK-k. «Kohesioa» lortzea izan da helburuetako bat, eta, «apaltasun osoz», lortu dutela iritzi zion Edurne Brouardek. Euskaldunon izana eta eginbeharra apirilaren 17an bukatu baino orduan hasi zela ere aldarrikatu zuen. «Maitatu, ikasi eta ari» izan da Korrikaren leloa. «Maite ez dena ikastea oso zaila delako eta ikasitakoa ez bada erabiltzen ezer gutxirako balio duelako».

p014_f01.jpg

GARA | BILBO

Atzo AEK-k prentsaurrekoa eskaini zuen 17. Korrikaren balorazioa egiteko. Bertan elkartu ziren AEKren koordinatzaile nagusia den Mertxe Mugika, Artezkaritza kideak eta 17. Korrikako arduradunak. «Eskerrik asko, eskerrik asko, eskerrik asko Euskal Herria!», izan ziren Mugikaren hitzak. Korrika hau «zoragarria» izan dela aipatu zuen, «zalantza barik, inoiz baino jende gehiagok hartu duelako parte euskararen aldeko lasterketa erraldoian», nabarmendu zuen.

Hamar egun gelditu gabe, euskararen eremu guztian zehar, milaka eta milaka lagun, milaka eta milaka «euskalakari» ibili dira. «Igandean, Donostiak gainezka egin zuen, gainontzeko hiriburuetan gertatu den bezala, eta, horietan bezala, gauza bera gertatu da Hazparnen, Sartagudan, Izarran, Irunen edota Muskizen», zioen Mugikak.

Lekuko eramaileak eta parte-hartzaileak ere anitzak izan direla azaldu zuen Mugikak: «Pentsaera eta ideologia desberdinak izanagatik ere, `Maitatu, ikasi, ari... euskalakari' leloak batu ditu». Euskara «euskalakari» guztiak batuz. Kohesioaren Korrika izan dela aipatu zuen AEK-ko koordinatzaile nagusiak: «Asko hitz egiten da herri honetan kohesioaren inguruan eta guk, apaltasunez, uste dugu 17. Korrikak bete-betean asmatu duela kohesioan». Izan ere, jatorri eta pentsaera ezberdinek bat egin dute Korrikaren aldarriarekin, batzen gaituena aintzat hartzen dugunean daukagun indarra azalaraziz.

Batzen gaituena, euskara

Edurme Brouardek hitza hartzean Korrika hamar egunez posible izan bada, euskarak «batu egiten gaituelako» izan dela adierazi zuen. «Argi dago, asko eta asko gara euskaraz bizi nahi dugunok. Hori horrela izan dadin ahalegin handia egin dugu aurten AEKn; kohesioaren bila aritu gara eta lortu dugu, bide batez eskerrak eman nahi dizkiegu honetan lagundu diguten guztiei». Korrikaren arduradunak bidea hori dela adierazi zuen eta herri honetako eragile guztiei galdera bat egin zien hausnar dezaten: «Zergatik ez da jorratzen bide bera beste arloetan?».

Erronka, gaurtik aurrera ere, hor dagoela adierazi zuten AEK-ko arduradunek. «Hamar egun hauetan `euskalakari' izan garen guztiok egunotako adorea eta gogoa egunerokotasunean mantendu behar dugu; euskararen alde egotetik eta euskararen alde gauzak egitetik gauzak euskaraz egitera pasatu behar dugu, egunero `euskalakariak' izanez».

Izan ere, «euskalakarien» izana eta eginbeharra apirilaren 17an bukatu baino hasi egin zela azaldu zuten. Brouardek administrazioen inplikazioa beharrezkoa dela ere azpimarratu zuen, eta erabilera ez dela norbanakoen ardura soilik gogoratu zuen.

Eskerrak emanez amaitu zuten prentsaurrekoa AEK-ko arduradunek: «Eskerrik asko honetan lagundu diguten guztiei; hasi gure kideetatik, eguneroko lana egiteaz gain 17. Korrika aurrera ateratzen sartutako indarragatik; 14 orduko txandak egin dituzten furgonetako kideei; prentsa taldean ibili direnei... Horretaz gain, eskerrak ere herriz herri eta auzoz auzo lagundu diguten guztiei, norbanakoei, instituzioei, kultur taldeei...».

sarean

Korrikaren webguneak 138.000 bisita baino gehiago izan zituen hilabetearen lehen 18 egunetan. Facebooken 9.300 zale baino gehiago izan ditu. «Norabide biko komunikazioa lortu da tresna horrekin», aitortu du Brouardek.

nazioarteaN

Diasporan hogei Korrika baino gehiago egin dira. Sydney eta Brusela izan dira berrikuntzak. Bertako ordezkariak Euskal Herrian izan dira, baita Bretainia, Gales eta Irlandakoak ere. Euren hizkuntzen aldeko «Korrikak» antolatzeko lanetan ari dira.

LEHIAKETAK

Aurtengo Korrikan bi lehiaketa izan dira. Euskalaklip bideo laburren lehiaketan 43 lan aurkeztu dituzte. Euskalaketa bakarrizketa lehiaketan, berriz, hiru kanporaketetan sailkatutako lau finalistak izan ziren igandean Dokan.

KOMUNIKABIDEAK

17. Korrikak inoizko jarraipen handiena izan du komunikabideetan. Inoiz baino kazetari gehiago izan dira egunez egun Korrikaren berri ematen GARA, «Berria», Noticias taldea, Info7, Hamaika Telebista, ETB3 eta Euskal Irratiak komunikabideentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo