GARA > Idatzia > Kultura

Lakuak 5.480.000 euro bideratuko ditu euskarazko hedabideak «sendotu eta normalizatzeko»

«Hedabideak» deituriko deialdian, prentsa, aldizkari, irrati, telebista eta Internet bidezko euskarazko komunikabideentzako diru laguntzak adostu zituen atzo Kultura Sailak.

GARA | GASTEIZ

Euskarazko hedabideak «sendotu, garatu eta normalizatzeko» diru laguntzak jasotzeko deialdia onartu zuen atzo Lakuako gobernuak. «Hedabideak» deialdiak 2011ko jarduna hartuko du kontuan eta 5.480.000 euro bideratuko ditu aipatutako helburu horretara. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu egunaren biharamunetik hilabeteko epea izango da eskaerak egiteko.

Sei multzotan banatu dira komunikabideak. Euskara hutsezko eguneroko prentsa inprimatuarentzat 2.000.000 euro erabiliko dira, «bai euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren egunkariak, bai udalerri eta eskualde jakinetan zabaltzen diren egunkariak».

Euskara hutsezko aldizkari inprimatuentzat 2.050.000 bideratuko dira. Nagusiki gaztelania darabilten egunkariek zabaldutako euskara hutsezko gehigarrientzat, berriz, 250.000 euro erabiliko dira. Kasu hauetan, eskatzailea eta onuraduna egunkariaren edizio enpresa izango da. Kopuru berdina bideratuko da «emititu ahal izateko beharrezkoak diren gaikuntza tituluen jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratientzat».

Telebisten kasuan, 550.000 euro erabiliko dira zati batean edo osorik euskaraz ari direnentzat. Eta, azken taldean, Internet bidezko hedabideen eta berri-agentzien kasuan, 380.000 eurokoa izango da laguntza. Atal honek euskara hutsezko egunkari eta aldizkariak hartzen ditu, zati batean edo osorik euskaraz ari diren irratiak eta notiziak euskaraz ematen dituzten berri-agentziak.

Bestalde, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskara sustatzeko 1.280.000 euro bideratuko dira «Euskalgintza» izeneko deialdian. Diru laguntza jaso dezaketen egitasmoak 2011ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu behar dira. EAEko enpresetan euskararen erabilera areagotzeko, berriz, 2.400.000 euro erabiliko dira.

Gipuzkoako tokiko telebistak

Gipuzkoako Aldundiak eta Euskarazko Tokiko Telebisten elkarteak, bestalde, lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo. Diputazioak 180.000 euroko laguntza bideratuko du, Krisiaren aurkako Planaren barruan, «PZB-Produkzio Zentro Bakarra» proiektua garatzeko.

Hitzarmen honen arabera, «proiektuaren helburua izango litzateke tokiko telebista bakarretik kudeatzea ekoizpenari dagozkion saio guztiak eta saio horiekin sareko programazio bat osatzea egunero», azaldu zuten.

Tokiko telebista sarea Goiena Telebistak, Goierri Telebistak, Erlo Telebistak eta 28. kanalak osatzen dute. «PZB» proiektuarekin, toki telebista bakoitzak ohiko aurkezpenari loturik beste aurkezpen orokorrago bat izango luke. «Kontinuitate berri bat sortuko litzateke eta horri tira eginez osatuko litzateke telebista bakoitzak duen programazioa. Ekoizpen propioko programazioa izango litzateke elkarteko telebiston programazioaren ardatza, baina sareko programazioaz ondua», azpimarratu zuen Ion Aldanondok, elkarteko ordezkariak.

Diputazioak eta Euskarazko Tokiko Telebisten Elkarteak ohar bidez adierazi zutenez, proiektuak, inbertsioak eta gastuak murrizteaz gain, diru sarrera berriak ekarriko ditu.

Hainbat helburu betetzea ere ahalbidetuko du proiektuak: Produkzioa modu antolatuan egitea eta abiapuntutzat produkzio zentro bakarra izatea; lan egiteko modu berri bat bideratzea, malgutasuna eskainiz, denbora aurreztuz eta produktibitatea gehituz; artxiboa, sistema honen inplementazioak estandarrei egokitutako artxibo sistema egokitzea ekarriko bailuke; eta, Gipuzkoa izango du lan-esparru natural, lau telebisten «jokaleku» herrialde osoa izateko elkartuko baitira lau telebistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo