GARA > Idatzia > Kultura

Artedrama Euskal Laborategiaren Aulestiko topaketak emakumeen esku egongo dira aurten

GARA | BILBO

Artedrama Euskal Laborategiak (ADEL) arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenentzat Aulestin egin ohi dituen topaketak apirilaren 24tik 30era bitartean izango dira aurten, bere seigarren urtean. Iaz irakasle lanetan aritutako guztiak gizonezkoak izan baziren, aurtengoan emakumeek hartuko diete txanda.

2006. urtean laborategi gisa jaiotako topagune honek, euskal herrietan eta euskara mugarri, aspaldi lanean dabiltzan aktore, ikerlari eta sortzaileak izango ditu aurten irakasle eta solaskide moduan: Ainara Gurrutxaga, Miren Tirapu, Maria Urzelai, Miren Gaztañaga eta Iñake Irastorza. Dagoeneko hamabi ikaslek emana dute izena -hemen ere emakumeak nagusi, gizonezkoen kopurua bikoiztuz-, eta azken ordukoren bat ere onartuko luketen arren, «oso kopuru polita da lanerako», esan zuten antolatzaileek.

Ikastaroez gain, publiko orokorrarentzako emanaldiak ere izango dira. Horrela, apirilaren 25ean, Urki Muguruzak «Munstroa» antzezlana aurkeztuko du. Apirilaren 26an, «Sagarren denbora» dokumentala emango dute. Hurrengo egunean, Dejabu Panpin Laborategiak estreinatu berri duen «Gure bide galduak» obra antzeztuko du.

Apirilaren 28an, Miren Gaztañagak «Stereo» dantza ikuskizuna aurkeztuko du, eta Oier Guillanen «Herio Heroi» antzezlana taularatuko du Metrokoadrokak. Ostiralean, Joseba Aurkenerena eta Peio Chipiren «Iduzkilore» izango da ikusgai, eta azkenik, apirilaren 30ean, emanaldi bikoitza egongo da: batetik, «Errautsak» antzezlana izango da, Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu-ren eskutik; bestetik, gaztetxean, topaketei jai giroan bukaera emateko, Oreinak taldeak kontzertua eskainiko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo