GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Independentzia aldarrikatzeko eguna

Aurreko urtean izandako erantzun arrakastatsuak indartuta, Independentistak sareak bi hitzordu jarri ditu heldu den igandean ospatuko den Aberri Egunean: Gernika eta Baigorri. Izaera eta kolore guztietako abertzaleak daude ekimen bateratu honetara gonbidatuta, eta, zalantzarik gabe, asko izango dira deiari erantzungo diotenak.

Txutxi Ariznabarreta Independentistak sarearen eledunak gaur egunkari honetan argitaratzen den elkarrizketan nabarmentzen duenez, independentzia aldarrikatzeko eguna izango da Aberri Eguna. Izan ere, euskal nazioa aintzat hartzen dutenen egun handia da Aberri Eguna, eta, euskal nazioak aurrera egin dezan, berme nagusia independentzia da. Luzaroan indar sakabanaketak eta alderdi ekitaldiek ezaugarritu dute Aberri Eguna, eta horri buelta emateko eta abertzale oro biltzeko ahalegin handia egin dute Independentistak sarean engaiatuta dauden lagunek. Hendaia eta Irun arteko iazko mobilizazio handiak argi eta garbi erakutsi zuen abertzale askok eta askok begi onez ikusten dutela lan komunaren aldeko apustua, eta Gernika eta Baigorriko ekitaldiek erakutsiko dute independentzia dela horien guztien xede.

Datorren urtean Iruñean jarriko dute hitzordua. Ordurako Euskal Herriak independentziaren bidean urrats batzuk emanda izango balitu, ez litzateke albiste txarra izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo