GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Lanak ahalik eta azkarren egitea komeni zaie lapurtarrei

Biarritzek bihar bertan lor dezake final-laurdenetan egoteko txartela. Avironek, berriz, irabazi eta besteen emaitzen zain geratu beharra du.

p037_f01_97x104.jpg

Jon LEUNDA

Bi jardunaldi besterik ez dira geratzen Top 14a amaitzeko, eta bai Avironek bai Biarritzek badute lanik egiteko, bi taldeek baitituzte hurrengo fasean egoteko aukerak.

Jokatzen lehena Biarritz da, gaur arituko baita 20.45etik aurrera, Castresen zelaian. Norgehiagoka oso garrantzitsua izango da bi taldeentzat. Une honetan Castres hirugarren postuan dago sailkapenean 68 punturekin; Biarritz, berriz, bosgarrena da puntu bat gutxiagorekin. Bietako inork ez dauka final-laurdenetan egoteko txartela matematikoki eskuratuta, nahiz eta hortik kanpo geratzea oso zaila izango den. Horrez gain, ordea, bigarren postua ere begiz jota dute, izan ere, lehen bi postuetan amaitzen dutenak finalerdietara sailkatuko dira zuzenean.

Biarritzek bigarren postua bi puntura du. Horrenbestez, garaipena lortuz gero, postu horretan jar daiteke, betiere Racing Metrok galtzen badu, nahiz eta paristarrek, ustez, norgehiagoka erraza duten.

Zuri-gorriek pasa den astean sekulako norgehiagoka egin zuten, garaipen handia eskuratu zuten, eta indartuta joango dira biharko partidara. Etxekoentzat ere oso neurketa garrantzitsua da, Biarritzek jokoan dituen gauza berak baitituzte jokoan. Garaipena lortzen duenak final-laurdenak segurtatuko ditu; finalerdiak jokatzeko txartela, aldiz, azken jardunaldian ziurtatu beharko du. Galtzen duenak, berriz, final-laurdenak azkeneko jardunaldian segurtatu beharko ditu.

Avironek, bere aldetik, bihar jokatuko du 14.30etik aurrera etxean, Jean Dauguer estadioan, Stade Françaisen aurka. Zuri-urdinek, pasa den astean irabazi ostean, sei onenen artean sartzeko aukerak dituzte oraindik ere, nahiz eta gauzak ez dituzten batere errazak. Izan ere, hemendik aurrera beraien partidak irabazi egin behar dituzte; ez hori bakarrik, horrez gain sailkapenean aurretik dituzten taldeen emaitzen zain ere izan beharra dute. Etxeko partida ez da aukera txarra. Stade, beste urteetan Liga irabazteko faborito nagusia, inongo aukerarik gabe dago egun. Behera ezin du joan eta sailkatu ere izan da egin; beraz, ohorea besterik ez du jokoan.

Avironek lau puntura du seigarren postua, eta hirura zazpigarrena. Oraindik aukerak izaten jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo