Waltari-Lanbertek orain arteko bideari jarraitu nahi diote finalerdietan
J.L.
Waltarik eta Ximun Lanbertek orain arte egindako bideari eutsi nahi diote finalerdietan, bide batez datorren astean jokatu den finalerako txartela lortuz. Bihar jokatuko dute finalerdia Angelun Larretxearen eta Kurutxariren aurka (17.30).
Hemen izango da aldaketa, izan ere, Bille izan da Kurutxariren laguna txapelketa honetan, baina pasa den asteko neurketa ezin izan zuen jokatu. Familia arazo larri bat ukan zuen, eta bere ordez Olivier Larretxea aritu zen. Federazioaren ohar batek dionez, hemendik aurrera Larretxeak jokatuko du. Etzi berak jokatuko du, baita finalean ere irabazten baldin badute.
Waltari eta Lanbert dira, ordea, garaipena lortzeko faborito nagusiak. Orain arteko bidea aise egin dute. Kubatarrak bere erakustaldiekin jarraitzen du. Sakearekin sekulako mina egiten du, eta atzean Lanbert gaztea oso eroso ari da jokatzen.
Hala ere, aurrean Kurutxari izango dute. Kubatarrak bera izan zuen Buruz Buruko finalean aurrean, eta sekulako lanak eman zizkion. Berriro ere gauza bera egiten saiatuko da, baina banaka jokatu edo binaka aritu ez da gauza bera, eta gauzak guztiz aldatzen dira. Dirua oso nabarmen dago Waltariren eta Lanberten alde; seguruenik, gainera, ez da asko jokatuko. Hori bai, Angeluko trinket berriak sarrera ona izango du.
Garaipena lortzen duten bi pilotariek Ibarrolaren eta Janotsen aurka jokatuko dute datorren larunbatean Baionan, Moderne trinketean. Jadanik sarrerak salgai daude.