«Proiektu arduragabeak» finantzatzen dituzten bankuen aurka jo du Bizik
Asteazken gauean Baionako erdialdean Societe Generalek duen egoitza nagusian bankuaren aurkako mezuak zabaldu ostean, herritarrei «banku etikoagoak» hautatzeko deia luzatu die Bizi mugimenduak.
GARA | BAIONA
«Banku arduratsu bat hautatuz, gure diruak gizakia eta bere inguramenaren errespetuzko proiektuak laguntzen ahal ditu», gogoratu zuten atzo Bizi mugimenduko kideek prentsari bidalitako ohar batean.
Aldarrikapen nagusi horren inguruan, «proiektu arduragabeak» finantzatzen dituzten bankuen aurkako kanpaina bat abiatu du berriki mugimenduak. Hain zuzen ere, kanpaina horren barnean, protesta ekintza bat egin zuten joan den asteazken gauean Baionan. Guztira hamar bat lagun elkartu ziren Baiona erdialdean kokatutako Societe Generale bankuaren Eskualdeko Zuzendaritzaren egoitzan, bankuaren aurkako mezuak zabaltzeko. Hala, «Societe Generale arduragabea da» eta «Alda bankuz, alda bankuak» mezuak finkatu zituzten bankuaren publizitate afixen gainean. Horrekin batera, gas maskarak jarri zituzten bankuaren iragarkietan agertzen ziren aurpegien gainean.
Banku etikoagoak hautatu
Bankuak zabaldua duen «talde espiritua baino ederragorik ez da deus» lelo nagusian, berriz, Societe Generalek «sozialki zein ekologikoki arduragabeak diren proiektuak» finantzatu dituela jakinarazteko mezuak jarri zituzten. Besteak beste, Societe Generalek armak, energia nuklear zibil eta militarra, petrolio mota berriak, agroerregaiak eta ikatz jatorriko erregaiak finantzatu dituela salatzen dute mezu horiek. Bizi mugimenduak banketxeen aurka bideratutako bigarren ekintza izan zen asteazken gauekoa. Ekintza horrekin, herritarrei «banku etikoagoak» hautatzeko deia egin nahi izan zieten. «Les Amis de la Terre elkarteak Societe Generale, Credit Agricole, Credit Lyonnais eta BNP Paribas banku frantsesak proiektu arduragabeetan gehien inbertitzen duten bankuak bezala sailkatu ditu», oroitarazi nahi izan dute Bizi mugimenduko kideek.
Horrenbestez, banku axolagabeei «finantzazio politika alda dezaten» galdegiteko beharra nabarmendu dute Biziko kideek. Bankuok hori egiten ez duten bitartean finantza erakundez aldatzeko laguntza ere eskaini diete herritarrei.