GARA > Idatzia > Kultura

Antzerkiak, dantzak, musikak eta txotxongiloek alaituko dute Les Maimorables jaialdia

Les Maimorables jaialdiak datorren maiatzaren 2an zabalduko ditu ateak aurtengoan. Jarraian, askotariko ikusgarriek hiru astez alaituko dituzte Baiona, Angelu eta Bokaleko areto, plaza, merkatu eta txokoak.

Ainize BUTRON | BAIONA

Maiatzaren 2an abiatuko da Baiona, Angelu eta Bokalen urtero egiten den Les Maimorables jaialdia. Hiru astez, areto, plaza, merkatu eta txokoetan askotariko ikuskizunak egingo dira. Kultur nahasketa ardatz hartuta, dantza, musika, antzerki eta txotxongilo emanaldiak izango dira nagusi; orotara, 30 saio inguru eskainiko dira maiatzaren 29ra bitartean.

Les Maimorables jaialdia Angelun hasiko da aurten, Barojako parkean. Hain zuzen ere, Tombes du Ciel konpainiaren «Le jour où je suis tombée amoureuse de ma mère» obra izango da aurtengo lehena.

Antzerki arloari dagokionez, antolatzaileek Creature taldeak maiatzaren 8an emango duen «C'est la lune qui me l'a dit» ikuskizuna nabarmendu nahi izan dute. Saint-Etienne auzoan egun berean izango den ganbera hustearen karietan, karrikan bertan emango du Creature konpainiak antzerkia, kantua eta txotxongiloak uztartzen dituen obra.

Antzerkia ez da izanen karriketan hedatuko den arte mota bakarra. Horrela, Baionako Gaskoien plazako merkatuan maiatzaren 11n, eta, Bokaleko merkatu nagusian maiatzaren 14an, dantza garaikidea izanen da ikusgai Pariseko Etxea taldearekin. Hirukoteak merkatuaren pasabideak zeharkatuko ditu bertan izango diren erosle eta ikusleekin topo eginez.

Usaiari eutsiz, Scene Nationale erakunde antolatzaileak prestatutako hiru asteko egitarauan musikak ere leku garrantzitsua izango du.

Abd Al Malik, dohainik

Baionako ZUP auzoan urtero Les Maimorables jaialdiaren karietara egiten den doako kontzertuan, Abd Al Malik Kongoko kantari ezaguna izango da maiatzaren 22an. Hala, runba eta elektro-pop doinuekin gozatu ahal izango dute bildutakoek. Aurretik, Baionako Sgarface rap taldea igoko da taula gainera.

Jaialdiko bigarren hitzordu nagusia Bokaleko Paul Vaillant-Couturier aretoan izango da, datorren maiatzaren 17an. Hain zuzen ere, Sly Johnson soul musikaria entzuteko parada izanen da bertan. Kontzertuaren lehen zatian, berriz, Beaty, Human Beat Xox mugimendu artistikoak Estatu frantsesean duen ordezkari nagusia, izango da.

Musika klasikoak ere bere tartea izango du aurtengo Les Maimorables jaialdian. Hala, Baionako eta Lapurdi kostaldeko orkestrak Jérôme Pernoo biolontxelo jotzailearekin joko du Baionan, maiatzaren 7an. Schubert, Guillaume Connesson eta Saint-Saëns maisuen obrak eskainiko dituzte.

LEHIAKETA

Maiatzaren 19an, urteroko Les Maimorables musika lehiaketa egingo da Baionan. Euskal Herri osoko taldeei irekita dago, eta bakoitzak ordu erdiko saioa izango du epaimahaia bereganatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo