GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSOE eta PP «mutur-joka» Troitiño zaintzeko neurriak hartu ez izanagatik

Troitiñoren inguruan sortutako gatazkak ez du etenik. PPk Troitiño zaintzeko neurriak hartu ez izana leporatu dio PSOEri; sozialistek, berriz, Rajoy presidenteorde zela popularrek gauza bera egin zutela erantzun dute. Bitartean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak kexarik jaso ez duela dio.

GARA | MADRIL

Antton Troitiño preso ohiaren inguruko liskarrak pil-pilean jarraitzen du PSOE eta PPren artean. Troitiño hilaren 13an gelditu zen aske, 24 urte preso igarota, inolako baldintzarik gabe. Handik astebetera, asteartean, Audientzia Nazionaleko Zigor Arloko Salako Hirugarren Sekzioak -Alfonso Guevara, Maria Angeles Barreiro eta Guillermo Ruiz Polancok osatzen dute eta Troitiño aske uztea erabaki zuen sekzio bera da-, berriz ere espetxeratzeko agindua eman zuen.

Bien bitartean, azken egunetan PPk Troitiñori zaintza polizialik ezarri ez izana leporatu dio PSOEri. Gobernu espainolak, berriz, zainketa ezartzea legez kontrakoa izango litzatekeela erantzun du. «Hiritar batek bere eskubideak osorik dituenean, inolako ikerketa polizialen menpe ez dagoenean edo zalantza berezirik ez denean bere inguruan, ezin daiteke zaintzapean edo kontrolpean izan», esan zuen atzo Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak. Hori jakinik PPk Gobernu espainolari erantzukizunak eskatzen jarraitu izana ere salatu zuen.

Horiek horrela, atzo, esaterako, PSOEk PPren «zinismo politikoa» salatu zuen, orain «kritikatzen» duena, lehen, Mariano Rajoy presidenteordea zenean «defendatzen» zuen gauza bera dela esanez.

Pedro Sanchez PSOEko diputatuak, PP Estatu espainolean agintean zenean Josu Urrutikoetxea aske gelditu zela argudiatu zuen atzo, epaileek eta auzitegiek emandako aginduen ondorioz. Hori 2002an izan zen, Aznar Espainiako presidentea zenean eta Mariano Rajoy, berriz, presidenteordea. «Momentu hartan, Rajoyk egungo Barne Ministerioak esaten duen gauza berbera esan zuen, hau da, ezin daitekeela pertsona baten gaineko zainketarik ezarri epaileen baimenarekin ez bada», azaldu zuen Sanchezek. Espainiar diputatuak gaineratu zuenez, PPren nahia Estatuaren indarrak «legez kontrako neurriak» hartzera behartzea zen, eta hori, «noski», Estatu espainolak «ez du ez onartuko ezta egingo ere».

Federico Trillo PPko Justizia arduradunak, bere aldetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari ikerketa bat irekitzeko eskatu zion atzo, baita erantzukizunak hartzeko ere. Trillok Rubalcaba kritikatu zuen Troitiñori zaintza ezin zitzaiola jarri argudiatzeagatik. «Arrazoiketa horrek egia ezkutatzen du, behin Fiskaltzara jo ostean, zaintza bideratu daitekeelako, baita ETAko kidearen atxilotze prebentibora ere».

Botere Judizialak, eskaerarik ez

Gabriela Bravo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren bozeramaileak Efe agentziari atzo azaldutakoaren arabera, Estatuko epaileen organoaren aurrean ez da inolako kexarik aurkeztu egunotan, ez behintzat Troitiñoren kasuaren inguruan. Horrez gain, datozen egunetan horrelakorik aurkezten bada, edota Auzitegi Nazionaleko Gobernu Aretora diziplinazko ñabarduraren bat igorriz gero, «ikerketa bat» martxan jarriko dutela azaldu zuen.

Euskal Herrian izandako erreakzioei dagokionez, Bizkaiko EAJko lehendakari Andoni Ortuzarrek Troitiñoren inguruan sortutako ika-mika «presio mediatiko eta politikoen ondorioa» izan zela adierazi zuen, baita «aurreneko egunean `A' eta bigarrenean `Z' esan zuten epaileen erantzukizuna» ere. Horrez gain, sistema demokratiko batean pertsona orok legearen aurrean berdina izan behar duela nabarmendu zuen Andoni Ortuzarrek.

2002. urtean

Aznarren agintaldian, Mariano Rajoy presidenteordea zenean, Josu Urrutikoetxea zaintzarik gabe aske gelditu zela leporatu dio PSOEk PPri.

KEXARIK EZ

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bozeramaileak epaileen organoaren aurrean Troitiñoren inguruko inolako kexarik ez dela aurkeztu adierazi du. Beraz, ez dute inolako ikerketarik hasi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo