GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

SURFLARI ERNEGATUA

Produktu idoloak

 

Azken urteetan ohiko bilakatu da surf txapelketetako sari banaketetan lehiakideak taularekin igotzea oholtzara. Edozein mailatan ikusten da, baita lagun arteko txapelketa batean ere. Nonbait, jendeak besteei egiten ikusitakoa egiten du.

Kirolari ezagun batek halako galtzontziloak erabiltzen dituelako, marka bereko galtzontziloak erosten dituen jendea ez dut ulertzen, baina dirudienez markek propaganda egiteko bozgorailu ezin hobea dira kirolariak.

Badira, batez ere arropa egiten duten surf markak, abeslariak babesten dituztenak, abeslari surflariak. Ez dakit abestera oholtzara igotzen hasi zen lehen surflari famatua nor izan zen, baina arrakasta izan zuen, egun surflari ezagun asko baitira, surfaz aparte musika egiten dutenak, eta ezta gutxi, lehen surflariek olatu artean ibiltzeaz gain beste ezer egiten ez zuten fama baitzuten.

Egiari zor ordea, musikari gisa karrera duinik egin duenik ez dela ere esan behar da, eta harritzekoa ere bada, musikari gisa ere jarduten duten surflari kopurua ikusita, estatistikagatik bada ere, gutxienez baten batek ona izan behar zuela pentsa baitaiteke.

Orain gutxi jakin dut ordea, txapelketa osteko sari banaketetan taularekin oholtzara igotzen diren lehiakideetako askok ez dutela babeslerik. Alegia, propaganda musu truk egiten dutela eta horietako asko noski, musikariak ere badira.

Nirvana taldeak «Nevermind» diskoa kaleratu zuenean sekulako booma izan zuen surflarien artean. Curt Cobain idolo genuen. Ez dut oroitzen arropa markaren batek babesten zuen, baina haren gisara janzten saiatzen ginen. Produktu huts bilakatu zela konturatu zenean hartu omen zuen bere buruaz beste egiteko erabakia. Askok, bere alkandora, galtza hautsi eta zapatila xehatuekin jarraitu genuen, baina nik dakidala, gutako inork ez zuen bere azken egintza imitatu. Musika alde batera utzita berriz ere surfari eutsi genion eta beste produktu bat aukeratu genuen, gu geu ere, babeslerik izan ez arren, produktu bilakatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo