GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Rober Gutierrez | Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria

Hautagaiak, «euskalakariak»?

 

Bukatu da aurtengo Korrika, arrakasta handiz bukatu ere! Gure herri, hiri eta errepideetan euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen duen euskalakari-uholdea aritu da.

Euskalakari hauei guztiei hausnarketa-saiotxo bat proposatu nahi diet. Izan ere, egunotan hauteskunde-giroa dago eta alderdi politikoak, ohi bezala, hautagaiak eta datozen urteotan garatu asmo dituzten egitarau eta politikak aurkezten ari dira... Ez dut fokua programa horiei begira jarri nahi; pertsonei begira jarri nahi dut, interesa baitaukat hautagai horiek izan beharko lituzketen berezitasunak ezagutzeko.

Hautagai batez ari garenean, zeintzuk dira izan beharko lituzkeen ezaugarriak? Nolakoa izan beharko litzateke? Zeri irizten diogu ezinbesteko? Zer baloratzen dugu hautesleok? Etorkizuneko ikuspegia izatea, baikortasuna, ekimena, konfiantza sortzen jakitea, benetakotasuna, enpatia, konpromisoa adieraztea, gardentasuna, sormena, kudeatzeko gaitasuna izatea, pertsonengan oinarritzea, parte-hartzea sustatzea... Lidergoaren ezaugarriak zerrendatuko bagenitu horiek guztiak bete beharrekoak direla esango al genuke?

Begien bistakoa da hautagai guztiek indarguneak eta ahuleziak dituztela. Ezaugarri horien bitartez politikari baten irudia osatzen da eta, adituek diotenez, zail samarra izaten da hautagai horren irudi publikoa moldatzea. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da indarguneetan sakontzea eta ahuleziak disimulatzea, neutralizatzea, orekatzea eta ezkutatzea.

Politikariei eskatzen dizkiegun ezaugarrien artean ez da nabarmentzen hizkuntzak menderatu behar dituztenetz, ez da aipatzen herritarrek hitz egiten duten hizkuntza berean aritzeko gaitasuna izatea eta, nire ustez, horixe izaten da gurean hainbat politikariren ahuleziarik kezkagarrienetarikoa. Herritarrei bere hizkuntzan ez hitz egitea, hizkuntza(k) ez ezagutzea eta hizkuntza hor(r/i)etan azalpenak emateko gaitasunik ez izatea eta, gainera, ahulezia hori konpontzeko imintziorik txikiena ere ez egitea... Asko hitz egin izan da eta kritikatu izan ditugu, esate baterako, Espainiako Estatuko presidentearen kasuan ingelesa, frantsesa edota beste hizkuntzaren bat ez ezagutzea eta gainerako herrialdeetako agintarien aurrean ematen duen irudi eskasa... Gurera etorrita ere, zein hizkuntzatan aritzen dira bertan dauden ordezkari politikoak? Zein funtzio betetzen du hizkuntza bakoitzak?

Udal, aldundi, edo gobernuetatik bira azkar bat egitea nahikoa da horien hizkuntza-egoeraz jabetzeko. Nola da posible gure erakundeak lideratu behar dituzten horietako askok bertako hizkuntza(k) ez ezagutzea eta, adierazgarriena dena, ikasteko eta erabiltzeko asmorik ez izatea, nahiz eta horietan urteak eman? Eta guk, hautesleok, benetan baloratzen al dugu hautagaien hizkuntza-gaitasuna? Balioa ematen al diogu irizpide horri?

Politikariek eragin nabarmena dute hizkuntzaren prestigio publikoan, beren jardueraren dimentsio publikoaren eta hedabideetan egunero-egunero ateratzearen ondorioz, beren hizkun- tza erabilera oso garrantzitsu bihurtzen da euskara ere «hizkuntza normala» dela gizartean zabaltzeko. Eta jendaurrean euskaraz aritzeko, noski, jakin egin behar da.

Politikariek, gainera, agintera iristen direnean, beste funtzio garrantzitsu bat betetzen dute: administrazio publikoetako buru bilakatzen dira, eta administrazio horien hizkuntza-erabilera guztiz baldintzatzen dute. Izan ere, administrazio publikoetako langileek (Euskal Herriko administrazio batzuetan bakarrik, eta muga askorekin bada ere) hizkuntza-eskakizunak ezarrita dauzkate, eta euskararen ezagutza egiaztatzeko beharra legez jasota dago, betiere administrazio publikoek zerbitzua ele bitan ematera bideratuta eta euskararen normalkuntza prozesuan eredugarri izate aldera. Baina administrazio publiko horietako buruak, kargu politikoak, hizkuntza-eskakizun sistema horretatik kanpo gelditzen dira, ezerk ez ditu behartzen euskaraz ikastera. Horrela, langileak euskalduntzeko ahalegina egin eta gero, erdaldun peto-petoak horien arduradun izendatuta, erabat erdaraz funtzionatzera eramaten ditu egoera honek. Eta noski, administrazio horren kanporako proiekzioa ere erdaraz egingo da.

Hemen posible da alkatea edo presidentea edo lehendakaria izatea bertako hizkuntzak ezagutu gabe, herritarrari bere hizkuntzan hitz egiteko gaitasunik izan gabe. Posible da diputatua edo zinegotzia izatea euskara ikasteko derrigortasun datarik izan gabe. Posible da sailburua edo kargu politikoa izatea eta euskaraz aritzeko beharrik ez izatea...

Eta hautesleok, baloratu behar al dugu faktore hori? Botoa ematen dugunean, aintzat hartzen al dugu? Gure erantzukizuna ere bada osagai hori alderdi politikoen lehentasunetan agertzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo