GARA > Idatzia > Euskal Herria

Datorkigunea programan izena emateko epea, maiatzaren 15era arte

Datorren ikasturteari begira, Eusko Ikaskuntzak ireki du Datorkigunea programan izena emateko epea. Aurtengo edizioan, aurreneko fasea burutu dute, gazteen parte-hartzea zuena hizpide, eta bigarren fasean buru-belarri, gazteen arazo nagusiak aztertuko dituzte.

GARA | BILBO

Eusko Ikaskuntzak 2011-2012 ikasturterako Datorkigunea programan izen-emateko epea zabaldu du jada. Bertan parte hartu nahi duten gazteek maiatzaren 15era bitartean egin dezakete eskaera http://eigazte.eusko-ikaskuntza.org/datorkigunea helbidean.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzeko baldintzak honakoak dira: 18 eta 30 urte bitarte izatea, euskaraz jakitea, jarrera parte-hartzailea izatea, ikasturte baterako konpromisoa edukitzea, hamar bileratara joan eta bibliografia irakurtzeko konpromisoa hartzea eta egunerokotasuna duten gaiekiko interesa izatea.

Horren ordainetan, Eusko Ikaskuntzako Gazteria Sailak onartutako balioa duen proiektuan parte hartzea, beste lurralde eta akademia diziplina akademikoetako gazteak ezagutu eta hauekin esperientziak partekatzea, zuzenean gazteengan eragina duten gaien inguruan lan egiteko aukera izatea, ordaindutako bilerak eta curriculumerako onarpena eskaintzen ditu antolatzaileek.

Gazteen gogoetak

Datorkigunea 2010eko irailean jarri zuten abian, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez eta Gipuzkoako Aldundiaren, Arabako Aldundiaren eta Lakuaren babesarekin. Ekimenaren helburua euskal gazteen ikuspegitik egungo eta etorkizuneko erronka handien inguruko gogoeta eta eztabaida sustatzea da.

Lehenengo edizioan, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 40 gazte ari dira parte hartzen, adituz osatutako Batzorde Aholkulariak gainbegiratuta, bi gai lantzeko asmoz: «Gazteen parte-hartzea, bide berrien bila» eta «Gazteriak dituen arazo nagusien aurrean zer egin?».

Lehengo fasea, joan den irailean hasi eta urtarrilean bukatu zuten. Horren emaitza da «Gazteen parte-hartzea, bide berrien bila» dokumentua, eta martxoaren 30ean aurkeztu zuten, Donostiako Miramar jauregian. Bertan azaldu zutenez, gizartea, ekonomia, politika eta kultura alorrak izan zirela hizpide Gasteizen, Iruñean, Donostian, Biarritzen eta Bilbon egindako bost bileretan.

Txosten horren helburua gazteei buruz maiz zabaltzen den irudi negatiboa apurtu eta gizarteari eredu berritzaile bat eskaintzea izan zen. Horrekin batera, gizarteari aurreiritziak alde batera utzi eta gazteekin batera gizarte berri bat eraikitzeko urratsak ematea eskatu zuten.

Otsailean hasi eta ekainera arte, bigarren fasean dihardute buru-belarri, gazteen arazo nagusiak eztabaidagai. Dagoeneko etxebizitzaren arazoa edo langabezia jorratu dituzte.

eskakizunak

Datorkigunean parte-hartzeko baldintzak dira, besteak beste, 18 eta 30 urte bitarte izatea, euskaraz jakitea, jarrera parte-hartzailea erakustea, ikasturte baterako konpromisoa hartzea edo gaurkotasuneko gaiekiko interesa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo