GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ABERRI EGUNA 2011

Milaka bihotz taupada batean bildu ziren Baigorrin

Hogeita hamaika urtez geroztik ospatzen den Na- farroaren Egunak bat egin zuen, lehen aldiz, Aberri Egunarekin, eta Basaizea elkartearen deialdiaz gain, Independentistak sareak ere hitzordua emana zien «kolore guztietako abertzaleei» Baigorrin.

p002_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA

Goizetik herrira sartzeko sortu ziren auto-ilarek agerian utzi zuten berehala, aurtengo Nafarroaren Eguna berezia zela. Jai giroak segituan hartu zituen karrikak eta eguerdian eguraldia kaskartu bazen ere, ekitaldi nagusiak burutuak ziren euri zaparradak agertu zirenerako.

Antolatzaileek Gernikarekin zuzeneko lotura egitea erdietsi zuten, bederen minutu batzuetan. Bizkaian bildutakoek zein Nafarroan zeudenek -tartean Martin Garitano eta Maiorga Ramirez Bilduko hautagaiak- elkarri «eguerdi on!» esan ziotelarik, distantziak desagertu eta independentzia oihuak nagusitu ziren bi aldeetan. Aurkezleak adierazi moduan, «milaka bihotz taupada bakarrean» batu ziren, «Herri bat garen seinale». Ospakizun bikoitza, bere esanetan, «gure aberrian eguna eta duela 499 urtera arte Nafarroako Erresumarekin Euskal Herriak izan duen Euskal Estatuaren eguna».

Odei Barrosok eta Xabier Sukiak Baigorritik, Gernikan zeuden Maialen Lujanbiorekin eta Xabier Amurizarekin bertsoak elkartrukatzeko parada izan zuten konexioa eten aitzin. Horren segidan, bertaratutako ordezkariek hitza hartzeko txanda izan zen.

Ixabel Etxeberria Urruñako hautetsi abertzaleak iragana, hots, «menpekotasuna, inposaketa, gatazkak, sufrimenduak eta askatasun eza» gibelean utzi nahi dutela nabarmendu zuen, Euskal Herrian «irekitzen ari den une ilusionagarri eta itxaropentsuan» euren aldarrikapena independentziari «argi berdea» ematea dela adierazi aitzin.

«Gure historia geuk idatzi»

Iazko galdera berbera pausatu zien Paris eta Madrilgo agintariei: «Prest al zaudete euskal herritarrok libreki hartutako erabakia, independentzia izanda ere, onartzeko?» Aurtengoan ere ezezkoarekin edo isiltasunarekin erantzungo dutelakoan, independentistak «arrapostuaren zain» ez direla geratuko gaineratu zuen. «Bukatu da zeruari begira bizitzeko tenorea edo mirakuluen zain egoteko garaia. Urratsak emateko ordua da. Geu gara etorkizuna eta geuk idatzi behar dugu gure historia», esan zuen, Nafarroako Erresumaren konkistaren 500. urteurrenaren karietara, 2012ko Aberri Eguna Iruñean egingo dela iragarrita.

Battitt Amestoik hartu zuen Etxeberriaren lekukoa eta independentziaren hautua «hoberena» dela esanez ekin zion diskurtsoari. «Pausoz pauso, berezitasun guztiak aitortuz eta errespetatuz, erritmo ezberdinak kontuan hartuz» joan behar dela adierazi zuen.

Uztaritzeko zinegotziak Errepublika frantsesak ez duela euskal nazioa aintzat hartzen gogoratu zuen: «Beraientzat, ofizialki hego-mendebaldeko frantsesak baizik ez gara, turismoa eta kolore guztietako poliziaren bidez kontrolatu eta giltzaperatu duten Errepublikako zati txiki bat». Alta, euskal herritarrek «nehorren menpeko» izan nahi ez dutenez, beren geroa erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatu zuen: «Hori da nazioa izatea, hori da libre bizitzea, hori da independentzia».

Independentziari «argi berdea» emateko «indar bilketa» ezinbestekotzat jo zuen: «Bakoitzak bere nortasuna galdu gabe indarrak biltzea posible da. Independentistak sareak eta Basaizeak gaur hori frogatu dugu hemen eta aurtengoa batera antolatzeko gauza izan gara, denok ahalegindu garelako. Hori da bidea» nabarmendu zuen, pentzeko belarrarekin bat eginez, lepoan zapi berdea zeramaten ehunka lagunekin batera, «Gora Euskal Herria eta Gora Independentzia» leloekin amaituz. «Xalbadorren heriotza» abestiarekin errematatu zuten ekitaldia, Nafarroaren Egunarekin uztartzeko modu ezin hobean.

Ordubete lehenago, Basaizeak ere eskertu egin zuen Independentistak sarearen ahalegina, elkarrenganako «errespetuan eta konfiantzan» aritu izateagatik. Baigorriko elkartearen bozeramaile Peio Joantorenak «egun on!» ozenarekin agurtu zituen plazan bildutako «herritar, nafartar, euskalzale eta euskal hiritar oro», baina ez zituen hitz horren gozoak izan alderdi politikoentzat. «Kolore guztietako abertzaleek» oholtzan beraiekin batzeko eginiko gonbidapenari ez erantzun izana deitoratu zuen. «Egoera berri honetan herriari esperantza eman ordez, alderdikerietan» tematzeagatik gogor kritikatu zituen: «Non dira alderdi abertzaleak? Ordua da elkartasun minimo batera heltzeko. Ordua da herriaren alde egiteko baina zuek nahiago duzue zuen gatazketan segitzea».

Alderdi batzuek gonbidapena onartu zuten arren, adostasun eza agerian ez uztearren, inor oholtzan ez hartzea nahiago izan zutela gaineratu zuen, «bereizketari ez, elkartasunari bai!» esan aitzin. Hori izan zen, arratsaldeko eguraldiarekin batera, atzoko egunaren laino beltza. Nafarroaren Eguneko ekitaldiek umorez, kantez, dantzez eta lagun giroaz blaitu baitzituzten kaleak. Karrikak ez ezik, Ortzaize, Donibane Garazi, Lekorne eta Itsasuko ikastolek 1.700 lagunentzat prestatutako bazkaria aldarte onaren lekuko izan zen. Ohiko goizeko kabalkadak geltokitik plaza handira ekarri zituen zigante, dantzari, trikitilari, txarangak eta Karmeleren irrintziak ez zuten, ez, huts egin aurten ere.

Nafarroak, Euskal Herriak, «herri bizi bat, herri bat eta bakarra» osatzen dutela begi bistan geratu zen berriro ere Baigorrin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo