GARA > Idatzia > Mundua

Thailandia eta Kanputxearen arteko istiluek gogor segitzen dute mugatik gertu

Metraileten zarata ez da isildu bi herrialdeak banatzen dituen Surin probintzian, eta garesti ordaintzen hasi dira jada: hamabi lagun hil dira, dozenaka zauritu daude eta 50.000 lagun inguru ebakuatu dituzte. Oraingoz, Thailandia ez da inolako bitartekaritzarik onartzeko prest.

GARA |

Thailandia eta Kanputxea banatzen dituen mugan metraileta hotsak ez dira artean isildu, laugarren egunez jarraian bi herrialdeen arteko borrokek gogor segitu baitzuten atzo Suringo probintzian. Thailandiako armadaren iturriek jakitera eman dutenez, tiroketak goizaldean hasi ziren Ta Muen tenpluaren inguruetan eta arratsaldera bitartean luzatu ziren. Aurrez aurrekoak Ta Kwai tenplura ere hedatu ziren.

Liskarrak gero eta bortitzagoak dira gainera, krisiak eragin dituen zifrek argi erakusten dutenez: Thailandiako armadak bere bost soldadu hil direla eta beste 35 zaurituta daudela ziurtatu du, eta Kanputxeak, berriz, bere armadako zazpi soldadu hil direla eta beste 17 zauritu daudela onartu du. Alta, jendartean ere izan dute eragina bi herrialdeen arteko ezinikusiek, eta 50.000 lagunek, 40.000 Thailandian eta 10.000 Kanputxean, euren etxeetatik alde egin behar izan dutela deitoratu dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Ebakuatutako herrikideak bisitatzen izan ziren atzo, hain justu, Thailandiako Barne eta Atzerri ministroak, Chavarat Charnnukul eta Kasit Piromya, hurrenez hurren. Istiluak amaitzeko ahaleginetan sutsu dihardutela esan eta lasaitasun deiak egin zituzten.

Alabaina, bi aldeen arteko elkarrizketa zantzuak lausoak dira oso. Hala, elkarren arteko akusazioek ez dute etenik; atzo, konkretuki, arma kimikoak erabili izana leporatu zion Kanputxeak Thailandiari, eta Thailandiak, berriz, zibilak giza ezkutu gisa erabiltzea egotzi zion Kanputxeari.

Bi herrialdeak hartzen dituen Asiako Hego Ekialdeko Nazio Elkartea Thailandia eta Kanputxearen arteko zubi lanak egiten saiatzen ari da uneotan; bertako ordezkari batekin biltzekotan zen atzo diplomazialari thailandiar bat, baina batzarra bertan behera laga zuen azken unean. Bere jarrera azaltzeko, elkarrizketak bitartekaririk gabe egiteko beharra azpimarratu du Bangkokek; Kanputxeak uste du, ordea, errealitatea gorde eta nazioarteko begiraleei zonaldean sartzeko nahia dagoela debekuaren atzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo