GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Bista laburra

Jokoa edozein dela ere, jokoetan ibiltzeak faktura pasa beharko lieke. Epe laburrera jokatzeak emaitzak izan ahal ditu, baina bista laburreko politikariek eskaintzen dutena ez da herritarrek exijitzen dietena.

Nahiz eta Espainiako gobernuan alderdi bata edo bestea egon, biek jakin badakite gatazka politikoari estatu moduan eman behar zaiola irtenbidea, gatazka Euskal Herria-Estatuaren artekoa den heinean. Hala ere, azken egunotan argi gelditzen ari da hori egin beharrean, Estatu moduan jokatzen dakiten joko bakarra hauteskundeena dela. Oraingo hauteskundeei begira ari dira batera PSOE eta PP Bilduren kontrako jazarpenean, nahiz eta bistan dauzkatenak datorren urteko hauteskundeak izan. Bista laburra da hori. Hain laburra, ezen nahiko luketen «bake» prozesu «ohiko» baterako ere ez baitie ematen.

Bakoitzak atera nahi edo ahal duen probetxuaren arabera ari dira. PSOEk, antza, ez ditu orain hain galdutzat ematen hauteskundeak, hainbat puntu gora egin duen heinean. Zapatero amortizaturik, PPk denborarik ez du galdu bere kanpaina egoera ekonomikotik politika «antiterroristara» pasatzen. «Váyase señor Zapatero» jada ez da nahikoa eta PPk presioa areagotzeari ekin dio. Inor nahastu ez dadila. PSOEren asmoa ez da inoiz izan benetan beste modu batean jokatzea, baina koiunturak agintzen du eta akaso bidea argitu die: gauden moduan egonda, korapiloa zelanbait askatzeaz ezer ez; berdinetan eutsi.

Behintzat zerbait argi daukate, nork agintzen duen (zentzu guztietan, alderdi barruan zein PPrekiko talkan) ere ez baitakigu inork.

Beste aukera bat izan liteke momentuko presioa bide bat izatea hauteskundeak egin eta gero PP bilakatzeko ETAren «desagerpena» kudeatuko duena. Baliteke epe luzeagora pentsatzen egotea; azken batean, De Gaullek eta Nixonek euren Aljeria eta Txina izan zuten eurengandik inork espero ez zuena egiteko. Zoritxarrez, ez dut uste Espainiako eskuinak horrelako ezusteko fitxa-mugimendurako asmo nahiko sendorik izango duenik. Ez batak, ez besteak ez daukate premiarik, premia sorrarazi beharra dago.

Jokoa edozein dela ere, bat nator Lopezekin (eta hau ez dadila aurrekaria izan) jokoetan ibiltzeak faktura pasatu beharko liekeela. Epe laburrera jokatzeak emaitzak izan ahal ditu, baina bista laburreko politikariek eskaintzen dutena ez da herritarrek exijitzen dietena.

Herri honek, herri moduan, behingoz argi utzi beharko du horrelakorik ez duela onartuko, egoera behingoz irauli behar dela, inora ez garamatzan blokeo egoera hau behin eta betiko gainditu behar dela. Zer egiteko prest daude aukera politiko guztiak instituzioetan egon behar direla esaten duten horiek? Zer egiteko prest daude eskubide zibil eta politikoak defendatzen dituztela esaten duten horiek? Ekimen bako berba ez da defentsa, itxura baino.

Bitartean, tribunalak berriro bihurtu dira joko politikoaren zelai huts, non eta botere banaketa eta independentzia gehien goraipatzen den Estatuan. Hainbeste zabaldu da justiziaren demokratizazioa, ezen orain denak bihurtu baitira epaile. Denek legeez eta prozedura egokiez badakitelako ez ezik, gustukoak ez diren epaiak ematen dituzten epaileak edonork epaitegietara eraman ahal dituelako ere. Hauek ere hobe lukete bista apur bat luzatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo