GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lan osasuna: hitz hutsak, errealitate gordina

Gaur Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da. Nazioarteko egunen zurrunbiloan, askotarikoak dira gaiak eta kasu askotan, kontzientziak arintzeko baliagarriak. Gaur, lan arriskuen ebaluazio eta prebentziorako neurri sortaz hitz egingo da, kudeaketa sistema eta plan integralez, asmoak eta keinuak ez dira faltako. Bihar, etzi eta etzidamu nazioarteko beste egun batzuk ospatuko ditugu, eta zoritxarrez, lan istripu edo eritasunengatik hildakoen eta kaltetutakoen kasuak ugaritu egingo dira. Lan segurtasuna garestia baita, eta lan Osasuna gainkarga bat, eta langabeak bezala, gaixotu ala hildakoak ekonomiaren funtzionamendu «normal» eta «egoki» bat bermatzeko ezinbesteko erregaia dira, hor egon dena, hor dagoena eta hor egongo den osagaia.

Langileek beren lan indarra saltzen dute, ez beren osasuna. Teorian bederen, lana beraien eta beren familien ongizate eta ogiaren iturri izan beharko litzateke. Datuek eta praktikak guztiz bestelako errealitatea erakusten dute: bizia galdu eta osasuna hipotekatzen duten langileen zerrendak ez du etenik, ezta gainbeherarik ere. Etorkinen, paperik gabekoen eta emakumeen kasuan larriagotu egiten da joera. Errealitate tematiak porrot kolektiboa erakusten du; nahi erretorikoa eta ezin praktikoa.

Batzuen protestak eta besteen promesak izango dira gaur. Biharkoa ez ahal da betikoa izango!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo