GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | XVII. Artzain Eguna Ordizian

Artaldeak goi larreetara bidean direla, ireki da gaztaren denboraldi berria

Gazta berria iritsi da, Euskal Herriko altxorra. Ederra!». Hunkituta eman zion ongietorria Eneko Atxa sukaldariak aurtengo Idiazabal gazta berriari Ordiziako XVII. Artzain Egunean.Denboraldi berria irekitzeaz gain, burruntzian erretako arkumea dastatzeko edo gazta mamitan eskuak sartzeko aukera ere izan zen.

p017_f0231331.jpg

Janire ARRONDO

Eguraldia eta jai giroa lagun, jendetza bildu zen atzo Ordiziako Artzain Egunean. Idiazabal gaztaren denboraldiari hasiera ematearekin batera, ardi eta aharien erakusketa izan zen, baita gazta nola egiten den eta artaldeek herria nola zeharkatzen zuten ikustekoa ere. Asteazkena izanda, baserritarrek barazki, fruitu eta artisautza gaiez osaturiko mahaiak jarri zituzten Plaza Nagusian. Baina, atzokoan, artzainak izan ziren protagonista. Artzainak eta euren artaldeak.

Aurtengoan Larrabetzuko Azurmendi jatetxeko Eneko Atxari egokitu zitzaion gazta berria moztea. Gazta moztu, dastatu eta artzainen lana eskertzearekin batera, gazta «euskaldunon gastronomiaren benetako altxorretako bat» dela azpimarratu zuen sukaldariak. Ekitaldi berean erretiroa hartzekotan den Jesus Oleaga sukaldariaren ibilbidea eta urtetako lana omendu nahi izan zuten. Idiazabal jatorri izendapenak urtero ematen dituen erregulartasun sariak ere banatu zituzten atzokoan; gaztandegiei dagokien saria Sunbillako Endara gaztandegiko Arkaitz Vivantek jaso zuen, eta, artzain onenarena, berriz, Ordiziako Otatza baserriko Joseba Insaustik.

Goi larreetara bidean

Dultzaineroek zein trikitilariek herriko kaleei jai itxura ematen zieten bitartean, goizeko hamaikak inguruan lau artaldek herriko kale nagusiak zeharkatu zituzten. Jende ugari bildu zen kale bazterretan ardiak pasatzen ikusteko. Itsasondotik, Lazkaomenditik edo Seguratik etorritako artzainen agindupean 2.000 buru inguruk zeharkatu zuten Ordizia, orain ez horrenbeste urte negua amaitu eta artaldeak mendira eramaten ziren garaiak gogora ekarriz. Ofizialki goi larreak maiatzaren 1ean irekiko badira ere, atzokoan batzuk ahaztua izango zuten eta beste batzuk ezagutu ere egingo ez zuten irudia ikusi ahal izan zen Ordiziako kaleetan.

Goiz osoan Garagartza plazan 50 bat artzainen latxa arrazako ardi, errape eta ahari lehiaketak egin ziren. Denera 200 buru inguru izan ziren ikusgai. Bi motako buruak eraman zituzten lehiaketa-erakusketara: latxa muturgorriak eta latxa muturbeltzak. Udan Aralarko larretara igotzen diren artzainenak ziren gehienak, baina bertan ziren Urbia, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia eta Donostialdean uda pasatzen dutenak ere. Latxa muturbeltzetan Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñatiko artzainen ahariak erakutsi zituzten.

Garagartzako gune berean bi artzainek gazta egin zuten jendaurrean eta gaztetxoenei esne mamia euren eskuekin moldatzeko aukera eman zieten. Gustura ibili zen bat baino gehiago saltsan. Eguerdia gerturatu ahala, bestalde, burruntzian erretzen ari ziren arkumearen usainera inguratu zen jendea. Karlos Ibarrondok 32 arkume prestatu zituen, eta, eguerdian, pintxoak salgai jarri zituzten. Eskuratutako dirua Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat izango da.

Azkenik, plaza berean jarri zuten oholtza gainean, ardiei ilea moztu zieten, bai modu zaharrean, bai berrian; hau da, eskuz eta makinaz. Edonola ere, udako beroei aurre egiteko prest jarri zituzten guztiak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo