GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakako finala

Waltarik bere erregetzari eusteko itxura guztia dauka

Kubatarra eta Lanbert Ibarrolaren eta Janotsen aurka neurtuko dira Baionan.

p044_f01_148x96.jpg

Jon LEUNDA I

Waltari eta Ximun Lanbert Ibarrolaren eta Janotsen aurka neurtuko dira gaur, 18.00etatik aurrera, Baionan, Moderne trinketean, Binakako Txapelketako finalean.

Bi euskaldun eta bi kanpotar izango dira gaurko finalean. Lehen aldiz euskaldun bezainbeste pilotari kanpotar izango dira finalean. Bata, Waltari, ohikoa bihurtu da azkeneko urte hauetan, ez finaletan bakarrik; izan ere, azkeneko txapel ofizial guztiak bereak dira, bai banaka bai binaka. Bestea, Janots, lehen aldiz arituko da final batean, eta bera izango da finala jokatzen duen Landatako lehen pilotaria, eskualde horretako inork ez baitzuen orain artean finalik jokatu.

Berrikuntza bakarra ez da bera izango, Ximun Lanbert gaztea ere lehen aldiz arituko baita gaurko finalean. Orain dela gutxi pasatu da profesionaletara, eta jokatu duen lehen lehiaketan finalean sartu da. Egia da aurrean Waltari duela, eta horrek bidea asko errazten duela, baina berak ere lan bikaina egin du, atzean oso fin aritu da, eta horrek zaleen ilusioa eta itxaropena piztu du.

Gainontzean, badirudi aurrelarien finala izango dela. Izan ere, egungo bi onenak, bai jokoan eta baita sakearekin ere -biak dira sakatzaile apartak-, neurtuko dira Baionan. Biek helburu bera dute: lehen jokaldiarekin ahalik eta minik gehien egitea. Hori ezagututa, eta biei kintzea azkar finitzea gustatzen zaiela kontuan hartuta, badirudi norgehiagoka ez dela gehiegi luzatuko. Berez aurrelariak dira protagonistak, baina biek badute sakeaz gain beste helburu bat; aurkariari jokatzen ez uztea. Biek dakite aurkaria jokoan asko sartzen bada irabazteko gutxi eta galtzeko asko dutela; horregatik, bi aurrelariak, saketik ez badute tantorik lortzen, pilota atzean jartzen saiatuko dira, bi atzelariak, bai Lanbert eta baita Janots ere, berriak baitira profesionaletan eta biek izango baitute lehen finala.

Faborito garbiak

Waltari tartean baldin bada, beti da faboritoa. Egungo txapelduna da Binakakoan, Banakoan, Superprestigioan eta Masterrean. Binakoan txapelari eutsi nahi dio, eta, horren erakusle, lehiaketa honetan erabateko nagusitasuna erakutsi du.

«Txapel guztiak dira ederrak, baina honek ilusio berezia egingo lidake. Izan ere, Lanbert oraintxe heldu da profesionaletara eta lehen txapela lortzeko aukera dauka. Beragatik ere sekulako ilusioa egingo lidake», esan zuen.

Beste aldean Ibarrolak ere txapel ugari jantzi ditu binaka, eta beste aukera bat izango du gaur, baina badaki zaila izango duela. Apustulariek gauzak oso garbi dituzte, izan ere, Waltari eta Lanbert faborito garbiak dira eta dirua nabarmen aterako da beraien alde. Partidan zehar gauzak asko ez badira aldatzen, ez da espero diru asko jokatuko denik. Hori bai, giro aparta espero da, Moderneko harmailak beteko direla uste baita. Landatatik ere jende ugari etorriko dela uste da, beraientzat egun handia baita, euskaldunak errege izan diren txapelketa batean burua sartzea lortu baitute, nahiz eta azken urte hauetan kubatar bat bihurtu den nagusi.

Hasiberrien nerbioek partida baldintzatuko dute

Gaur Moderneko final handian arituko diren bi atzelariak hasiberriak dira profesionaletan. Bai Lanbertek bai Janotsek denbora gutxi daramate profesionaletan, baina finalera heldu dira. Egungo bi aurrelaririk onekin jokatzea egokitu zaie, eta horrek bidea apur bat erraztu die, baina lehiaketa bikaina egin dute.

Finalak, ordea, bereziak dira. Onenak izan edo ez, horixe da erabakitzen dena, eta hori lortzeko presioa eramaten jakitea beharrezkoa da. Beraz, nerbioak eta urduritasunak gehien nabaritzen dituenak galtzeko asko izan dezake, gaur lan asko izango baitute. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo