GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Zumaian ekingo zaio fase erabakigarriari

J.L. I

Urrezko Aizkora bere unerik ederrenera sartzera doa, asteburu honetan hasiko baita final-laurdenetako ligaxka. Zumaian, bihar, ekingo zaio azkeneko faseari.

Lehen fasearen amaiera herenegun izan zen Gasteizen, Armentian, eta bertan Lopez atera zen garaile. Berarekin batera Atutxa II.ak lortu zuen ligaxkarako txartela. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan moztu, kana-erdikoa erlojuz kontra erdibitu, 45 ontzakoa zutik moztu, ondoren 60 ontzakoa erdibitu eta azkenik lau kana erdiko moztea zuten lana.

Lopezek lan guztiak egiteko 13 minutu eta 46 segundo behar izan zituen. Bigarren sailkatu zen Atutxa II.a, eta honek bere lanak egiteko 13 minutu eta 54 segundo behar izan zituen; azkenik, Rekondok 14 minutu eta 41 segundo erabili zituen.

Horrenbestez, bigarren faserako multzoak erabakita daude. Lehenean, Olasagasti, Larretxea eta Azurmendi daude, eta, bigarrenean, Lopez, Atutxa II.a eta Mugertza II.a; lehen biek lortuko dute finalerdietarako txartela. Bertan gurutzatu egingo dira. Bateko lehen sailkatua besteko bigarrenaren aurka neurtuko da, eta alderantziz. Bi irabazleek jokatuko dute finala.

Ligaxka bihar abiatuko da Zumaian, 12.30etik aurrera pilotalekuko plazan jokatuko baita estreinako neurketa. Bertan Olasagasti eta Larretxea neurtuko dira, sei proba ezberdinetan. Ligaxka izanik, denek denen aurka jokatu beharko dute.

Zumaiako ekinaldian, ordea, 23 urtez azpiko lehia ere ikusi ahal izango da, eta, bertan, Mugertza III.a, Kortxero eta Irazabal lehiatuko dira. Irabazleak bakarrik egingo du aurrera.

Aurretik, gaur 19 urtez azpikoen lehia jokatuko da Urduñan, 19.30etik aurrera. Bertan, Lopez, Ussia eta Eneko Saralegi lehiatuko dira.

Apustuak

Aimar Irigoienek apustu berria egin du Aiako taldearekin. Lehen zuenari uko egin ostean, berriro batu dira, eta Irigoienek martxoaren 27an Azpeitian erabili zuen harriarekin jokatuko du. 125 kiloko zilindro zaharra, 24 ontzakoa, eta ez 30 ontzakoa, hasieran zen bezala. Berriro ere alde bakoitzak 12.000 euro jokatuko ditu dirutan, eta bost minututako hiru txanda izango ditu lanerako. Zelaik 30 ontzakoarekin zeukan marka haustea izango da helburua eta apustua ekainaren 19an Aian jokatuko da.

Bestalde, bihar 18.00etarako deia egina du Otaegik. Apustua egiteko deia luzatu dio Zalduari, 14 kana erdiko moztea eta sei kilometro korrika egitea uztartuko dituen apustua jokatzeko.

Sega

Nazioarteko eran jokatuko den Europako Txapelketan Euskal Herria nork ordezkatuko duen erabakitzeko jokatuko den ligaxkan parte hartzeko izena emateko azken eguna bihar da. 16 urtetik gorako neska eta mutilak behar dira. Izena emateko 615743411 eta 669641197 telefonoetara deitu behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo