Areto futbola
Aurrera egiteko aukera eskuetan du Trimanek
J.L. I
Ligaren amaiera izango da gaur Ohorezko Mailan, eta Triman Navarrak titulurako kanporaketak jokatzeko aukera bere esku du. Uneotan zortzigarren postuan dago; beraz, bigarren fasea jokatzeko aukera ematen duen azkeneko postuan dago.
Gaur 18.00etatik aurrera Guadalajaran jokatuko du Gestesaren aurka. Gaztelakoak sailkapeneko azkenak dira, denboraldian zehar bi berdinketa besterik ez dituzte lortu, gainerako guztiak galdu baitituzte. Diru arazoak ere asko dituzte, eta orain dela hiru aste jokalariek ez jokatzea erabaki zuten; Federazioak hiru puntu kendu zizkien. Neurketa aproposa da euskaldunentzat.
Nahiz eta neurketa oso erraza dirudien, Imanol Arregik garbi utzi du ez duela inongo konfiantzarik nahi, baita hasieratik final bat bezala jokatu beharko dutela ere. Garaipena lortzen ez badute Zaragozaren emaitzaren zain geratu beharko dute.