GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joseba Lakarra Euskaltzaina

Jose Antonio Arana joan zaigu

Bakoitzak bide ditu, izatekotan, bere bizitzaren neurri egoki bakarrak. Ez da nire asmoa, bada, Joseantoniorena neurtzea

Ez naiz Aranologoa eta ezta Aranista ere. Ez dut, bada, Jose Antonio Aranaz inori ezer erakustekorik. Badut, halere, harekiko zor eta estimu zuzena eta zeharkakoa. Nik Joseantonio gutxi (behar nukeen baino gutxiago, zalantzarik gabe), berandu eta urrundik (urruntasun fisikotik, ez espirituzkotik) tratatu izan dut. Alabaina, tratu hori gozoa izan da beti, natorik gabea, Barrutiak zioen moduan, eta beti ere aberasgarria niretzat. Hortik nire honako zorraren aitorra den ohar xume hau.

Zeharka, neure gurasoen bitartez, Joseantonioren berri 70en akabuan izango nuen, dagoeneko Gernika aldetik ni aldendua nintzelarik. Izan ere, ni bezalako deserritu (orduan) gazteak izan gintezkeen hura zuzenean edo era askotara -Korua eta musikaren inguruko beste hainbat ekintza zela bide, esaterako- urrun edo atzendurik izan genezakeenak. Francoren aldi luzeko kartzelaldiak eta ere -honek bai, «zerbait egin zuen»- bertako batek baino gehiagok zituzten eta dituzte gogoan.

Nire Joseantonioren bigarren ezagutza ere zeharkakoa izan zen, paperen bitartezkoa: Marijesiak eta gabon kantak nerabiltzala eskuartean hark han-hemen, niretzat hain bitxi gertatzen zitzaidan «Txistulari» bezalako aldizkari batean, bazuen horietaz ohar eta testu interesgarririk. Hortik baladetara eta dotrina zaharretara (kateximetara, ez bestelakoetara) lerratu eta Joseantoniorekin egin nuen topo, oraingoan baita aurrez aurre, ez soilik haren idazkien bitartez. Euskaltzaindiaren (orduko) bibliotekan harekin izandako solasik; are gehiago hango inprimatu eta, batez ere, eskuizkribuekin emandako niri eta beste askori laguntza; belarri gogorreko honentzat berebizikoa izan zen hark Azkueren orijinalekin (landa-kaierretako partiturekin eta) emandakoa.

Gero, han eta hemen -gehienetan Bilbon, gutxienetan Gernikan- elkarrekin izan garenean harengandik beti diosala arraitsua eta abegi ona ez ezik, inongo paternalismorik gabeko (bataren eta bestearen adinagatik eta ibilerengatik guztiz barkagarri izan zatekeen arren) solasaren oparia. Gure perpausa (berea, funtsean, noski) euskal liburu eta liburugile zahar gutxi ezagunez, ale bakar edo interes berezikoez zen. Jakituriaz landa liburuekiko maitasuna -eta maitasun hori ez zen ofizio edo soldata berankor hutsak emana, jakina!- antzeman ez eze nabarmen zuen eta horren isla bada Azkue Bibliotekaren zertzelada guztietan. Ez da hau azken urteotan Biblioteka Batzordearekin edo Euskaltzaindiarekin nire hurbiltasuna hazi denean nabaritu dudana soilik, betidanikoa baizik. Gogo berezia dut gogoratzeko -beharra ere halakoa baita- Hizkuntza Akademiak (gutariko norbaitek «klasikotzat» bide dituen arren gureak adinako bizitasuna eta indarra badute horietako batzuek) beren bibliotekaren -inoiz erregearen- inguruan eratu zirela eta ez diotela inoiz haien nortasunari errotik lotua den alderdi filologikoari (barka hitz itsusi hau aipatua baina ez dut egokiagorik aurkitu) uko egin. Gero bestek ederki jarraitu eta zabaldu duen eginbidea delarik, Jose Antonio Arana Martijaren lan eskerga eta etengabea izan ez balitz nekez genukeen Azkue Bibliotekan euskalarien (eta era guztietako euskaltzale eta liburuzaleen) sostengu eta harkantoin nagusi.

Ez diot inoiz aski eskertuko egin zuen lan bikaina: inoiz bionak izan ziren ikergaietan barrena zehaztasun eta maisutasunez atzera eta aurrera egin zezakeela erakutsi zien bertaratuei eta, batez ere, alorretik gehiegixko aldendutako ikasle kaskar honi.

Bakoitzak bide ditu, izatekotan, bere bizitzaren neurri egoki bakarrak. Ez da nire asmoa, bada, Joseantoniorena neurtzea. Bai, aldiz, gehienetan zeharkako baina baita bestetan hurbileko lekukotasuna ematea; merezi onez bereganatua zuen harekin hartu-emanik izan zuten guztien artean errespetu eta esker ona. Bere egintzak eta bere izaeraren oroitzapena nekez ahaztuko dugu. Goian bego.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo