Langabezia, tamalez, ezustekorik gabe
Hego Euskal Herriko langabeziari buruzko azken datuek ez dute ezustekorik eskaini, zoritxarrez. Urteko lehen hiruhilekoan joan den urte bukaeran baino 14.600 langabe gehiago zeuden. Ezustekorik ez, beraz, langabezia tasak azken urteotako goranzko joera etengabeari eusten baitio. Egia gordin horren aurrean, ez dira, beste behin ere, zuribide hutsak diruditen argudioak falta, betiere argudio interesatuak, Estatu espainoleko langabezia tasaren batez bestekoarekiko konparaketetan oinarritutakoak. Horrelako argudioak erabiltzen dituztenei, aldiz, ez zaie burutik pasa ere egiten Euskal Herriko langabezia tasak Europako batez bestekoekin alderatzea. Nolanahi ere, edozein konparaketak nekez kontsola ditzake Hego Euskal Herriko milaka langabeak, %12ko marka tristera iritsi direnak, ezta marka hori are eta gehiago emendatzeko arriskuan dauden langileak ere.
Ekonomia suspertu eta enplegua sortzea xede omen zuten neurriak -Lan Erreforma barne-, enpresaburuen eskaerak jarraituz administrazioek ezarritako neurriak, hutsaren hurrengo izaten ari dira ustezko helburuak betetzeko. Langileen lan baldintzak, berriz, kaskartu egin dira, eta, langabezia, handitu. Bihar, Maiatzaren Lehena, benetako borroka eguna izateko arrazoi sendoak ez dira falta. Ziorik sendoena, gainera, guztion begi bistan dago: langileek urte luzetako borroka latzetan eskuratutako eskubideen murrizketa etengabea.