KRITIKA literatura / ezagutza liburua
«Irudien eta hitzen liburu potoloa» Irudien bitartez lexikoa jaso
Asun AGIRIANO I
Haurrentzako liburuek ez daukate zertan literaturazkoak izan. Batzuek ez dute ipuina edo fikziozko kontakizuna garatzen, informazioa helarazteko asmoari heltzen diote, horren adibide dugu formatu handiko liburu hau, irudien bitartez lexikoa jasotzea helburu duena.
Euskal liburuen merkatuan informazio liburuak hain dira urri, ezen bitartekari interesatua gai baita dagoen eskaintza menperatu eta nobedaderik interesgarrienak antzemateko. Kasu hori da esku artean dugun liburuarena, marrazki eta hitz soltez osatua, inguru hurbileko informazioa jasotzeko balio diguna. Eta deigarria egiten zaigu, gutxi direlako horrelakoak; gehienak, gainera, itzulpenak.
Gurean, eskolak duen heziketa ereduak ez du testu liburuetatik aparte beste informazio libururik eskaintzen. Heziketa alboratuta dago esperientziatik eta autoikasketatik. Horregatik, agian, argitaletxeen aldetik ez da indarra eta pisua jartzen euskaraz sortutako informazio eta ezagutza libururik argitaratzeko. Haurra, bizitzaren lehenengo urteetan, informazio kopuru handia zurrupatzeko gai da, hortik jasoko ditu nortasuna eta pentsamendua eraikitzeko osagaiak. Hiru urte dituenerako, inguruko munduko informazioa aukeratzen hasita dago. Eta, nago, liburu hauek ezagutzarako jakin-mina pizten dutela; irudia eta hitza elkartuta, haurrak kontzeptua ikusi eta bereganatzen duela.
Umeak mundua ulertzeko duen grinan oinarritzen da bere jakin-nahia eta jasotako ezagutzarekin bat etorriko da bere jardunbidea. Gurasoek eta eskolak umearen egarri hori eta jakin-mina baliatu behar dituzte.
Testu liburuez gain, oso garrantzitsua da eskolan informazio liburu ugari izatea: entziklopediak, hiztegiak, gai monografikoei buruzko aleak, atlasak, etab. Izan ere, informazio iturri ezberdinak baliagarriak izango dira haurraren ezagutza maila aberasteko, kuriositatea pizteko, ikuspuntu berriak emateko eta ikasteko beste bide batzuk esploratzeko; azken finean, irakurle autonomoak formatzeko.
Liburu hau oinarrizko dibulgazio mailarako pentsatuta egon arren, egokia da lehen hezkuntza prozesuan ezagutzari forma emateko. Esan daiteke jolas gisa antolatzen dela; galdera-erantzunak egiteko aproposa izateaz gain, lexiko berria ikasteko ere interesgarria da. Umeak eta helduak elkarrekin irakurtzen badute, helduak aukera izango du umearen ezagutza baloratu eta ebaluatzeko.
«Irudien eta hitzen liburu potoloa»-k (por zierto, ez hain potoloa, handia baino) haurraren ingururik hurbilena ezagutzeko aukera ematen du, sehaska, logelako jostailuak, bainugela, egongela, etab.
Jarraian, etxeko bazterretatik kanpo, inguru hain hurbilekoak ez diren terminoak ere ezagutuko ditu: urtaroak, ortuko tresnak, frutak, mendiko eta itsasoko animaliak, irakasteko lehenengo ikasgaiak (zenbakiak, alfabetoko hizkiak, koloreak). Haurrentzako lehenengo irudizko hiztegia izango litzateke.