GARA > Idatzia > Kultura

Filmategia eta Etxepare Institutua eskutik emanda ibiliko dira munduan barna

«Guk ere ezkontza batera gonbidatu nahi izan zaituztegu», adierazi zien umoreko Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak Euskadiko Filmategian bildutako lagunei. Bi erakundeek lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo Kimuak programaren bidez euskal film laburrak elkarrekin munduan zabaltzeko.

p049_f03.jpg

Maider IANTZI |

Etxepare Institutuko eta Euskadiko Filmategiko zuzendariek, Aizpea Goenagak eta Joxean Fernandezek, elkarrekin lan egiteko hitzarmen bat sinatu zuten atzo. Itun honen garrantzia nabarmendu zuten, eta Etxepare Institutuak Filmategiari egingo dion ekarpen ekonomiko bat baino gehiago dela azaldu zuten, eskua emanda atera nahi dutelako mundura Kimuak programako film laburrak ezagutarazteko.

«Euskal zinema ardatz oso garrantzitsua da euskal kulturaren nazioarteko sustapenean, eta hala izaten jarraitu behar du», adierazi zuen Fernandezek. Etxeparek pelikulak txoko guztietara zabaltzeko ematen dituen aukerak baliatu nahi dituzte, eta, era berean, Kimuak institutuarentzat aurkezpen karta bikaina izan dadin saiatuko dira.

Goenagak Filmategiaren lana goraipatu, eta orain arteko elkarlana indartzeko asmoa dutela baieztatu zuen. Hainbat proiektu dituzte horretarako; heldu den astean, adibidez, Bruselan erakutsiko dituzte lanak. Kimuaken arduradunak, Txema Muñozek, hamalau urteko bidearen ondotik programa hagitz egonkortuta dagoela agertu zuen, bai etxean eta baita kanpoan ere. Horren erakusgarri dira azken datuak: 2008ko eta 2009ko filmak 1.000 jaialditan aukeratu zituzten; 2010eko lanen bidea oraindik ez da erdira iritsi eta ia 450 hautaketa dituzte jada; eta 350 saritik goiti eskuratu dituzte hiru urteotan.

Aurten zendu diren eta Kimuakekin lotura estua zuten hiru laguni eskainiko diote 2011ko programa berria, Magali Lueirori, Txabi Basterretxeari eta Aitzol Aramaiori. Uztailaren 8a arte egonen da zabalik lanak jasotzeko epea, eta www.kimuak.com webgunean kontsulta daitezke oinarriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo