Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria
Erret ezkontzak gaur
Bizirik balego, Roland Barthesek «Le mythe aujourd'hui» saioa (Mythologies, 1957) gertaera honen gainean oinarrituko zuela zalantzarik ez daukat. Are gehiago, saioari «Le mariage royal aujourd'hui» izena jarriko ziola begitantzen zait. Ironia alde batera utzita, ezin da ukatu monarkia, dela Ingalaterrakoa dela munduko beste edozein txokotakoa, esanahiz beterik dagoela. Boterearen irudi dela esanda labur geratuko ginateke, abstrakzio horrek nolabait sinplifikatu eta, aldi berean, indargabetu egiten baitu monarkiak plano errealean eragin duen indarkeria. Horregatik iruditzen zait hain interesgarria «mendeko ezkontza», abstrakzioa plano errealera eraman duelako, hots, mitoaren esanahi amarauna modu horizontalean azaltzen duelako. Errituaren antolamendutik hasi eta gonbidatuen zerrendarekin bukatu («The Guardian» egunkariak esan duenez, Bahraingo Nazio Segurtasun Agentziako buru zela ehunka pertsona torturatu zituen Sheikh Khalifa Bin Ali al-Khalifa gonbidatuen artean dago), «mendeko ezkontzak» monarkiak nola operatzen duen ikusteko aukera eskaintzen digu. Tamalez, Barthesek esan bezala, bokazioz mitologoa denak bakarrik ikusi ikusiko du. Populazioaren gehiengoak mitoa irentsiko du erresistentziarik gabe.