Laura MINTEGI Idazlea
«Vive les droits!»
Barka historia gogora ekartzeagatik. Europako mendebaldean monarkia absolutua izan zen sistema politiko hedatuena XVII. eta XVIII. mendeetan. Estatuaren aginpide guztiak erregearen esku zeuden eta tradizio-erakundeek edo gorteek ez zuten gobernatzen. Agintea jainkoarengandik zetorren, eta jainkoari bakarrik erantzun behar zion erregeak, ez menpekoei.
Absolutismoak zentralizazioa indartu zuen: lurraldea trinkotu, zergak bildu eta armada ezarri. Munduan oraindik bost monarkia absolutu badaude ere (Vatikanoa, Saudi Arabia, Swazilandia, Brunei eta Bhutan), Frantziako Iraultzari esker bestelako gobernu sistemak sustatu ziren, herriaren burujabetzan oinarritutakoak. Estatu modernoen helburua da hiritarren oinarrizko eskubideak babestea: bizitza, jabegoa, eta askatasuna besteak beste, eta horren trukean askatasun partzela lagatzen diote estatuari. Baina estatuaren botereak absolutu bihur ez daitezen, Aristotelek aipatu eta geroago Lockek, Rousseauk eta Montesquieuk garatu zuten botereen banaketa ezarri zen. Horrela, botere batek legeak ezartzen ditu, beste batek interpretatu eta hirugarren batek bete egiten ditu.
Egungo estatu parlamentari asko «demokrazia absolutistak» dira: botere exekutiboak legegileari «diktatu» egiten dizkio legeak, eta judizialari esaten dio nola interpretatu. Eta nahi duenean, salto egiten du legearen gainetik.
Ez naiz ari Euskal Herriaz. Ez soilik Euskal Herriaz, behinik behin.
Bin Laden erailtzea txalotu dute Mendebaldeko gobernuek. Ez dakit zein legeren arabera izendatu zuten terrorista. Ez dakit nork epaitu duen. Badakit, baina, nork erail duen. Horri absolutismoa esaten zaio.