Tortura ez da inondik ere justizia lortzeko tresna
Osama bin Ladenen alabak atzo esan zuenez, bere aita bizirik harrapatu eta ondoren hil zuten estatubatuar Armadadako kideek. Adierazpenok ez datoz bat Barack Obama AEBetako presidentearen bertsioarekin, Al Kaedako burua tiroketa baten ostean hil zutela esan baitzuen hark. Bat datoz, ordea, CIAko zuzendari Leon Panettak esan zuenarekin: estatubatuar agente bereziek Bin Laden hiltzeko baimena omen zuten. Zinematografikoago esanda (luze gabe ikusgai izango dira operazioaren gaineko filmak), hiltzeko lizentzia. Baina AEBetako botere aparatuaren larderia edo zinismoa -biak, nonbait- harago doa. CIAko zuzendariak aitortu zuen, halaber, atxilotuei egindako torturei esker lortu zutela Bin Laden harrapatzeko arrastoa, eta erabilitako zenbait teknikaren xehetasunak ere eskaini zituen. Hartara, tortura erabiltzen dutela aitortu eta haren apologia argia eginda, praktika anker horren zilegitasunaren gaineko eztabaida piztu da, helburuak ez dituela bitartekoak zuritzen dioen diskurtsoa erretorikarik hutsalenaren pare utzita. Tortura giza eskubideekin eta demokraziarekin bateraezina da, torturatzailea edonor dela ere, eta are larriagoa da bere burua munduko demokraziaren jagole gisa aurkezten duenak erabilita, giza eskubideen eta demokraziaren aurkako erasorik latzena baita, eta inola ere ez Obama presidenteak aldarrikatu zuen «justizia».