GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Curriculuma du abiapuntu Elkarrek eta Ikastolen Elkarteak sortutako Ikaselkar argitaletxeak

Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek sortutako Ikaselkar argitaletxearen helburua «eskaintza integrala» egitea, baina eskaintza hori bereziki hezkuntza alorrean bideratzeko asmoa dute.

GARA | BILBO

Sozietate mugatu gisa eratu den Ikaselkar argitaletxea aurkeztu zuten atzo Elkarrek eta Ikastolen Elkarteak Bilbon egindako ekitaldi jendetsuan. Arduradunek azaldu zutenez, «konkurrentziak eta globalizazioak honelako akordioak egitera bultzatzen gaituzte. Gure kasuan, gainera, elkarlanari berrikuntza eta balio erantsia gehitu dizkiogu; izan ere, izaera desberdineko indarrak batu ditugu, argitaletxe batenak eta eskola elkarte batenak».

Enpresa berriaren abiapuntua Euskal Curriculuma izango dela azaldu zuten, baina «hala ere, Ikaselkarrek eskaintza osoa egiteko asmoa du, hau da, hezkuntza alorrean ez ezik, kultura zabalekoan ere jardungo du. Eskaintzaren osotasuna argitalpen euskarrietara ere zabalduko da; izan ere, askotariko euskarriak erabiliko ditu», esan zuten.

Bilboko Alondegian egindako prentsaurrekoan izan ziren Mikel Arrizabalaga Ikaselkarreko argitalpen zuzendaria eta Iñaki Etxezarreta sormen zuzendaria, baita Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea eta Joxe Mari Sors Elkar Fundazioko zuzendari nagusia ere. Halaber, Tellitu eta Sors Ikaselkar enpresako administrazio kontseiluko presidente eta presidenteordea dira, hurrenez hurren.

Argitaletxe berria hainbat produktu plazaratzen hasia dela azaldu zuten. Orain arte harrera ona izan duten materialak dira hauek, curriculumaren irizpide berriei egokituak eta euskarri berrietan, teknologia berriekin lotutako euskarrietan, alegia. Horren lekuko dira Txanela (Lehen Hezkuntzarako) eta Ostadar bildumen liburu digitalak, bai eta konpetentzietan oinarritutako curriculumari egokitutako gidaliburuak ere (Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzenduak), Derrigorrezko Hezkuntzako maila guztiei zerbitzu ematen dietenak.

2013ra begira

Ikaselkarren plangintzan urte berezia izango da 2013a. Izan ere, ordurako Euskal Curriculumak ikastoletan eta bestelako zentroetan izango duen garapena kontuan izanik, 2013tik aurrera hasiko baitira materialik berritzaileenak plazaratzen.

Ikastolen ordezkariek gaur gogorarazi dutenez, Kristau Eskolak ere bat egin zuen Euskal Curriculumarekin, baita sare publikoko hainbat zentrok ere, esaterako, Sortzen-Ikasbatuazekin lotutakoek.

Ikaselkarreko arduradunek nabarmendu zuten Euskal Herriko hezkuntza-merkatu osoari zerbitzua ematen saiatuko direla, baina beste herrialde batzuetan egon daitezkeen aukerak aztertzeko prest ere badaudela. Eduki zein irizpide pedagogikoetan eskaintza berritzaile eta abangoardiakoa eginez, erreferentzialtasuna lortzea dute helburu. Lortutako etekinak enpresaren ekimena bera indartzeko erabiliko dituztela ere nabarmendu zuten.

Elkar argitaletxea 1973. urtean sortu zen eta Elkar Fundazioaren barruan dago. Gaur egun, Fundazioak 450 langile ditu eta 20 enpresa baino gehiago, horien artean, 5 argitaletxe, 16 liburu-dendako sarea eta banaketa-enpresa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo