GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Jimenez Maia Idazlea

«Nire ahalegin ororen saria, gure Aberria Espainiatik aske ikustea»

Duela berrehun urte, 1811ko maiatzaren 18an, Uruguaiko Las Piedras herrian, espainiarrek lehen porrot militarra jasan zuten Ameriketan. Espainiako Inperioaren hondamendiaren hasiera baino ez zen izan, baina ordura arte garaiezintzat hartzen zen Armada espainola menderatu zuten: Montevideotik gertu dagoen Las Piedras herrian Jose Posadas espainola garaitu zuten Jose Gervasio Artigas-en indar iraultzaileek.

Maiatzaren 18an, bi armaden arteko bataila goizeko hamaiketan hasi zen. Artigasek lortu zuen mila laguneko gudaroste bat osatzea, baina Posadas kapitainak 1.230 soldadu zeuzkan agindupean; gainera, soldadu espainolak profesionalak ziren, eta garai hartako kanoi eta fusilik modernoenez horniturik zeuden. Artigas-en jarraitzaileak, aldiz, landa gizonak eta desertoreak ziren. Artigasek indarrak hiru zutabetan banatu zituen espainolak inguratzeko. Kanoiak erpinetan jarrita, Espainiako Erret Koroaren armadak hiruki bat osatu zuen; halere, Artigasek inguratu eta espainolek amore eman behar izan zuten arratsaldeko bostetan.

Espainiako Erret Koroaren tropak azpiratuta eta Jose Posadas gatibu hartuta, Jose Gervasio Artigasek esan zituen hitz ospetsuok: «Senda itzazue zaurituak eta erruki zaitezte garaituez».

Uruguaiko heroi nazionalaren hitzak ikasten dira oraindik ozeanoaz beste aldeko eskoletan.

Artigas, Herri Askeen Babeslea, argi eta ozen mintzo zen: «Ni ez nago salgai, eta nire ahalegin ororen saria gure Aberria Espainiatik aske ikustea izanen da». Esan zezakeen ozenago, nekez garbiago.

Horregatik, ez da kasualitatea izan diasporako euskaldunek ospatu izana aurtengo Aberri Eguna, Montevideon, aurresku bat dantzatuz Artigasen zaldizko eskulturaren begiradapean; Nafarroaren bandera gorria, Independentistak sarearen berdea eta ikurrina zuri-gorri-berdea, Independentzia plazan. Zaldizko eskulturatik, On Jose Artigasen esaldi ospetsuenaren oihartzuna aditu zitekeen. «Besteengandik ez, geuregandik baizik ezin dugu ezer espero». Indarrak bildu eta aldaketak eragiteko tenorea heldu da.

Iraganari begira, bai, baina etorkizuna eraikitzeko. Egia da, gaur egun, Euskal Herria burujabe izatearen alde gaudenok ez dugula zertan oinarritu gure aldarrikapena soilik historian eta arrazoi historikoetan. Baina historian gertatu eta ezkutatu dizkigutenak ongi ezagutzeak lagunduko digu etorkizuna hobeki eraikitzen.

Garai berriak Euskal Herrian. Eta garai berriotan, zalantzarik gabe, kemena eta adorea beharko dugu aitzina egiteko. Horregatik, ez dago sobera, amaitzeko, Artigasen beste esaldi bat lerrootara ekartzea: «Gogoan izan zoriontasunaren sekretua askatasunean dagoela eta askatasunaren sekretua kuraian datzala».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo