GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek azken urteetako sasoirik onena egin du

Zuri-urdinek zazpigarren postuan amaitu dute, eta final-laurdenak eta Heineken Kopa gertu izan dituzte.

p036_f01_199x116.jpg

Jon LEUNDA

Ez da posible izan. Euskal errugbizaleek kirol hau profesional bihurtu zenetik lehen aldiz bi euskal talde final-laurdenetan ikusteko ametsa zuten, baita biak heldu den urtean lehen aldiz batera Heineken Kopa jokatzen ikustekoa ere, baina azkenean Biarritzek bakarrik lortu ditu helburuak, eta Aviron kanpoan geratu da.

Hala ere, zuri-urdinek egindako denboraldia handia izan da. Ez da ahaztu behar joan den urtean maila galdu zutela. Beste talde batek izandako diru arazoak zirela medio, zuri-urdinek maila berreskuratu zuten, eta aurten sekulakoa egin dute. Mailari eusteko helburuarekin, iazkoa ez errepikatzeko asmoarekin, abiatu, eta zazpigarren bukatu du.

2004. urtean igo zen Top 14ra, eta ordutik egin duen sasoirik onena izan da aurtengoa; ordutik lortu duen puntu kopururik handiena batu du aurten, guztira 71 eskuratu baititu. Bazegoen zazpigarrenak Heineken Kopa jokatuko zuen itxaropenik ere, baina horretarako Top 14ko talderen batek Heineken Kopa eta European Challenge irabazi beharra zeukan, eta hori inork lortuko ez duenez, baionarrek, aurten bezalaxe, datorren urtean ere European Challenge jokatu beharko dute.

«Nik uste dut gakoa etxean galdu ditugun hiru partidetan egon dela. Horietako bat, bederen, irabazi izan bagenu, hor sartuko ginen, baina egindakoarekin gustura gaude», esan zuen Thomas Lievremontek, aurrelarien entrenatzaileak.

«Jokalariek lan ona egin dute. Ikusi dute hor goian egon gaitezkeela, eta bukaerara bitarte aukerak izan ditugula. Taldeak beti gorantz egin du, ez du inoiz etsi, eta hori oso garrantzitsua izan da», esan zuen lapurtarren prestatzaileak.

Datorren denboraldiari begira, Lievremontek garbi dauka taldeak gorantz egin behar duela: «Ekipo bat ez da urtebetean egiten. Talde on bat eta sendoa egiteko, hiru edo lau denboraldi behar dira, beraz, guk badugu hobetzen joateko tarterik. Horretarako, helburuak ere handitzen joan beharra dago, sinistu gai garela hori lortzeko, eta gero borrokatu. Uste dut talde honek oraindik asko duela emateko», gehitu zuen.

Zenbakiei begiratuta, Lapurdiko hiriburukoen lana bikaina izan da. 26 partida jokatu eta 16 irabazi, aurretik geratu zaizkion Biarritzek edo Clermontek adina. Horrek garbi uzten du, zer nolako taldea izan den aurten Baionan. Horrekin batera, kanpoan irabazteko gai direla ere erakutsi dute. Azken sasoietan, zuri-urdinek huts nabarmena izan dute etxetik kanpo, han puntuak batzea ikaragarri kostatzen baitzitzaien. Aurten, ordea, bai etxean bai kanpoan edozeini irabazteko gai direla erakutsi dute, eta horrek jokalarientzat balio ikaragarria izan du.

Jokalariei dagokienez, entseguak egiteko erraztasuna erakutsi dute, guztira 48 lortu baititu talde baionarrak. Guztietan gehien egin dituena, berriz, Huget izan da, 12 egin baititu. Minuturik gehien jokatu dituen jokalaria, berriz, Boutaty izan da. Marokoarrak 26 partidatatik 25 jokatu ditu, bakarra geratu da jokatu gabe, eta kirol honetan hori sekulakoa da.

Zaleen erantzuna ere ikaragarria izan da ia partida guztietan Jean Dauguer estadioko harmailak bete egin baitira, eta Anoetara etorri denean ere, zaleek erruz jarraitu diete. Guztira 207.102 ikusle izan ditu aurten Avironek, zale gehien izan dituen Ligako hirugarren taldea izan da.

Gauza gozo guztien artean beti egoten da, ordea, arantzaren bat, eta hori ere badauka talde zuri-urdinak, izan ere, joan den martxoan Anoetan Biarritzen aurkako derbian hartutako astinduak min dezentea egin baitzion. Denboraldiko partidarik txarrena egin zuten, eta justu albokoaren aurkakoan gertatu zitzaien. Horrek eman zien penarik handiena.

helburua

Avironen hasierako helburua mailari eustea zen, iazko larrialdirik gabe, baina bikain hasi ziren, goian sartu ziren, eta hor mantentzen jakin izan dute, azkeneko partidara bitarte beren aukerei eutsiz.

Geroa

Lievremont entrenatzaileak garbi utzi du taldeak hobetzen jarraitu behar duela, eta helburuak gehituz ere bai. Aurtengoak ilusio handia piztu du zaleen artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo