Luzerako espero duen bakarkako ibilbidea hasi du Borja Estankonak
«Estankona» (Baga-Biga) deitu dio Arratiako kantariak bere lehenengo bakarkako lanari. Sotila eta «ekipaje gutxikoa» da, rockaren eta poparen artean dabiltzan hamar kantu biltzen dituena, eta Itxaso Etxebeste eta Jimmy Arrabit izan ditu bidaide.
Ane ARRUTI | BILBO
Denbora luze batean «luto tarte bat» izan duela aitortu zuen atzo Borja Estankonak (Arratia, 1979). Arean taldea desegin zenetik, «artista bezala une larri batean egon nintzen baina, proiektu hau planteatu nuenetik, metxa bat piztu da, poza sentitzen dut orain», esan zuen bere lehenengo bakarkako diskoaren aurkezpenean. Poz horrek eragin omen dio gainera kantu batzuetan «pop-aren hurbiltasuna aldarrikatzea», nahiz eta rock amerikarraren eta anglosaxoiaren eraginak ez dituen ezkutatzen.
«Estankona» (Baga-Biga) deitu dio hamar kantu biltzen dituen diskoari, «izaera irekiagoa eman nahi nion, proiektu izaera», zehaztu zuen. «Beti izan dut nire mugak non diren deskubritzeko gogoa», erantzun zuen hautatu duen bide berriari buruz galdetuta, «ni hemen ikasteko nago eta ikusi nahi dut ibilbide honek noraino eramango nauen».
Hala ere, bakarlari gisa bai, baina ez dator bakarrik. Itxaso Etxebeste (Katamalo) izan du baxu-lanetan eta Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi, Anje Duhalde, Jimmy Arrabit Trio...) baterian.
«Biluzia»
«Jaiotze gehienak ekipaje gutxirekin egiten dira eta horrela egina dago diskoa», azaldu zuen Estankonak. «Oso biluzia da, gitarra plano gutxirekin, baina kantuek bilakaera bat dute eta tentsio bat mantentzen dute», erantsi zuen Baga-Bigako Ritxi Aizpuruk.
Hitzetan, bere anaia Igor Estankona idazlearen laguntza izan du «Idatzia ez dago ezer» kantuan, baina gainerakoak berak egin ditu. Diskoan, Maite Yurrebasok egindako «Hor leku bat» kantuaren bideoklipa ere sartu dute. Plastilina eta animazio teknikak erabiliz osatu du bideoa eta sarean, «Vimeo» atarian jarri dute ikusgai.