GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Kodigoak

Kartel handi bat. Hondo zuria. Erdian, gizonezko bat, dotore jantzita, trajea, gorbata eta alkandora batez. Edo informalki, kamiseta edo polar batez. Irribarrez edozein kasutan, aurrera begira, baina ez barre algaraka; jatorraren itxura eman nahi duen arren, serioa ere bada, fidagarria eta eraginkorra

Ez da beharrezkoa pertsona honen ondoan sigla batzuk agertzen direla azaltzea, deskribapen soil bat dela medio edonork identifika ditzakeelako hauteskundeetako kartelak. Izan ere, irudien identifikazioa barneratuak ditugun kodigo formalen bidez antolatzen da: irudi baten aurrean gaudenean, hizkiak irakurri gabe, koloreek, jarrerek, diseinuak zehazten digute bere izaera. Formaren bideko klasifikaziora ohituta gaude, mezurik gabeko sailkapen azkarrera, mundu zabalaz jabetzeko, kontrolatzen ditugun ataletan banatu beharko bagenu bezala mundua bera.

Aurreko zutabean jendeari begiratzea ahaztu egin zaiola nioen, eta kodigo formal hauek begiratzeko nagitasunean eragina dute. Ohitu egin gara irudiak ikusi bezain laster identifikatzera, segundo pare batean. Arteak, aldiz, eta garaikideak batez ere, begirada iraunkor eta sakonagoa behar du, eta ez da kodigoen bidez erraz klasifikatzen. Horrek ikuslearengan urduritasuna sortzen du, ezin baitio objektua segituan atal bati egotzi eta atal horri dagozkion arauen bidez epaitu. Arteak begirada kritiko bat behar du, kasu bakoitzean ezaugarri propio eta desberdinak bilatzen dituena, horretarako azaleko kodigoak gaindituz. Horretan datza bere zailtasuna eta bere aberastasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo