GARA > Idatzia > Kultura

Bost urtean ondutako abestiekin osatu du Basaki taldeak bere bigarren diskoa

p041_f02_97x128.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Aurre-ekoizpen lan handiaren ondorio da «Egunero hasten da» (Oihuka), Basaki bizkaitarren bigarren lan luzea. 2006an kaleratu zuten «Esperantzaren zain», eta oraingoan, soinu «sendoago» batekin datozela azaldu zuen atzo Natxo Velez (baxua eta ahotsa) taldekideak. «Aurrekoa azkarragoa zen, klasikoagoa, heavy-agoa. Oraingoa dualtasunean mugitzen da: rock gogorreko diskoa da, baina ahotsei ere asko begiratzen diegu», esan zuen.

«Gojira, Slayer edo Pantera gustatzen zaizkigu, baina U2 edo Incubus ere bai», gaineratu zuen Velezek. Berarekin batera, Alfonso Rodriguezek (bateria eta ahotsa), Xabi Diezek (gitarra) eta Iker Herrerok (gitarra eta ahotsa) osatzen dute Basaki laukotea eta Ander Unzaga piano-jotzailearen kolaborazioa ere izan dute kantu batean.

Musikan izandako dualtasun hori bera islatu nahi izan dute kantuen hitzetan ere. «Iluntasunetik idatzita daude, baina beti argira begira, tuneletik irteerara begira», esan zuen Velezek.

Saizarbitoria

Baikortasun horretatik etorri da «Egunero hasten da» titulua ere eta ideia hori literaturan landu duen Ramon Saizarbitoriaren testu bat sartzeko aprobetxatu dute. «Badakigu ideia ez duela berak asmatu eta unibertsala dela, baina euskal literaturako erreferente bat jartzea garrantzitsutzat jo dugu», azaldu zuten.

Diskoa dendetan eta formatu digitalean jarri dute salgai. Zuzenekoak emateko gogoz daudela esan zuten eta hil honen 28an Gasteizko Gaztetxean izango dira, Kalte taldearekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo