Ariane Kamio Kazetaria
Historiaren katebegia
Historia egunero idazten da. Gizaldi baten memoriak idazleak behar ditu, ikusi, sentitu, ukitu, entzun eta dastatzeko gaitasuna duten sortzaileak. Donostian, Aramaion, Madrilen, Tokion, Habanan, Istanbulen edo Tegucigalpan, edonon bizi da Historia; edonon egiten da; edonon hiltzen da eta edonon berpizten.
Historiak hil eta bizi egin behar du. Etengabean. Gizabanakoa sortu eta desagertzen den bezala. Jaio eta hil. Jaio eta hil. Bizirauteko ahaleginean.
Gaur zuk, bihar nik, etzi ondokoak eta ondoren hurrengoek. Lehenengoa zenduko da, baina besteek jarraituko dute. Horrela, elkarri lotuta mantenduko diren katebegi ilara luze neurgaitzarekin jarraituz. Eta aurrera.
Ez da Jainkoa, ez gu ere berak izendatutako «artzainak», baina Historiak «seinale» bidez ohartarazten du datorrenaz.
Historiaren zati txiki bat eraiki genuen, denok, ostegunean. Eta denok, diot, zorioneko eta zoritxarreko sentitu zirenak, denak, izan zirelako eta direlako hiltzear edo sortzear den Historiaren lerroburuetako idazle.
Gutxitan, behar baino gutxiago, pentsatzen dugu, ordea, idatzi deneko momentu horretan. Gizakia Ilargira iritsi zenean, Franco hil zenean, Barack Obama AEBetako presidente izendatu zutenean, Bin Laden erail zutenean... Gogoratzen al dugu Historiari zein erpinetatik begiratu genion? Non geunden hura pasa zenean? Nola irentsi genuen gertaera?
Barruan gordetzen dut etxetik kanpo lo egin nuen lehen gaua; ama negarrez ikusi nuenekoa; lehenengo muxua jaso nuena; amona hil zenekoa; estreinakoz harremanak izan nituenekoa. Baina ahalegin berezia egin dut aspaldion nire imajinarioan sailkatzen Euken eta Urtziren atxiloketa, Ainhoaren lehenengo gutuna, Iñaki espetxean egon zeneko garaia eta, azkena, Bildu legezkotzat jo zutenekoa.
Orain, Historiak hurrengo «seinalea» noiz helaraziko duen itxaron gabe, badakit hurrengo lerroburuak noiz idatziko diren, noiz ezarriko den hurrengo katebegia. Eta gogoan mantenduko dut, estatuetatik idatzarazi diguten historia pertsonala bezala. Guk ere gurea eraiki behar dugu-eta.