Kronika | Liberalen beheraldia Britainia handian
Nick Clegg, politikaren infernuetara jaitsiera
Gobernuan sartzeko gogor negoziatu zuenean izar politikoa zen, 2010eko maiatzean: urtebete geroago Nick Clegg oraindik bada, baina hauteskundeetan emaitza okerrak izan ondoren, bere etorkizun politikoak ez dirudi hain distiratsua.
Nathalie AURIOL AFP
Kontserbadoreekin hamabi hilabeteko bizikidetzak britainiarren politikan benetako hirugarren bidea gauzatzeko itxaropena ahuldu egin du.
Irteera azkarra izan zen: 2010eko hauteskunde kanpainan telebistako eztabaida bat nahikoa izan zen Nick Clegg liberal-demokraten burua, ordura arte anonimotasuna zuena, ezagun egiteko. Inkestetan, alderdia bi alderdi nagusietatik, laborista eta kontserbadorea, oso urrun zegoen.
Itxura alde zuen; handia, argala, gaztea, telebistan presentzia handikoa; Cambridge-ko unibertsitatean ikasitako familia oneko seme honek britainiarrak liluratu zituen politika egiteko beste era bat aldarrikatuz. «Cleggmaniaren» hasiera izan zen. Eskuineko komunikabideen erasoak jaso arren, eurozale poliglota (bost hizkuntza dakizki eta hainbat urtez lan egin du Bruselan), Jainkoagan sinesten ez duena, inkestetan izugarri gora egin zuen, kontserbadoreei izerdi ugari botaraziz.
Apoak irentsi beharra
Erabateko arrakasta lortu ez bazuen ere -aurreikusitakoak baino diputatu gutxiago lortu baitzituen-, eroso negoziatu zuen kontserbadoreekin hitzarmena eta David Cameronen gobernuko bigarrena izatera iritsi zen, bere alderdirako hainbat ministerio eskuratuz.
«Naturaren aurkako» itun honek bere alderdian sortutako amorruen gainetik, Nick Cleggek «lib-dem»-ak betiko oposizio paperetik irteteko eta gobernu maila emateko aukera ikusi zuen, beti ere kontserbadoreen politikan eraginez.
Aitzitik, liberalen buruak apoak irentsi behar izan zituen. Lehenengoa, murrizketa neurri gogorrak, unibertsitateko tasen igoera kasu, kanpainan agindu zuenaren kontrakoa, alegia.
Bizikidetzak ezarritako sakrifizio hauek garesti ordaindu ditu kazetari ohi honek. Aste batzuk igaro ondoren, bere ospea hondoratu eta alderdikideek ez dizkiote bere uko egiteak barkatu. Joan den udazkenean, ikasleak saldoka kalera atera zirenean, hilabete batzuk lehenago altxatzen zituzten kartelak erre zituzten, Cleggen irudia ageri zuten kartelak hain zuzen.
Duela egun batzuk bozketa egiteko modua aldatzeko egin den erreferendumari dagokionez, Nick Clegg izan da ekimen hori sutsuen defendatu duenetako bat, baina alde zeuden beste ordezkariek ez dute berarekin agertu nahi izan, duen ospe txarra dela-eta.
Giza-babesa
Eta, azkenean, gertatutakoak arrazoia eman die. Hautesleek zigortu egin dituzte eta kontserbadoreek gauzatu duten herstura politikagatik liberalek ordaindu dute, lehenengoek gorespenak jasotzen zituzten bitartean.
Gobernu koalizioan «lib-dem»-ek jokatzen duten papera «giza-babesarena egitea izan da eta oso ondo egin dute», adierazi zuen «The Guardian» egunkariak, urtebete lehenago Cleggen alde botoa emateko eskatu zuenak.
«The Times» egunkarian agertutako karikatura batean David Cameron Cleggen gorpuaren gainetik pasatzen da zera esanez: «Clegg nire bigarren aukera zen, nik benetako alfonbra nahiago nuen».
Jipoi hori jaso arren, dimititzeko aukera alde batera utzi dute berehala liberalek. Koalizioan jarraitu beste aukerarik ez dute, Gobernuak egunen batean egoera ekonomikoa zuzentzen badu, onura lortzeko zain.
Askoren galdera da, ordea, izar politiko ohia 2015. urteko hauteskundeetan berriro alderdia gidatzeko berpiztuko ote den.