GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gizarte babesa hobetu ala kontrola areagotu?

Azken urteotan famatu egin da Iruñeko Udaltzaingoa, baina ez herritarrek hurbil sentitzen duten udaltzain zerbitzari eta babeslearen ereduari eutsi diolako, hain zuzen; aitzitik, herritarren konfiantza bereganatu ordez, Udaltzaingo horrek haien beldurra eragiten baitu. Ohikoak ditu jarrera larderiatsuak, xenofobo eta homofoboak, eta iruindarrek ondo dakite jarrera horien zergatia: UPNko Gobernuak Udaltzaingoa militarizatu izana. Orain Gasteizko Barne Sailak Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legea delakoa prestatu du, benetako herri-poliziaren ereduari begirakoa baino, Iruñeko Udaltzaingoaren eredu militarizatuari begirakoagoa. Aresen Sailak aurreikusi duenez, segurtasun publikoaren sistema osoari eragingo dio lege berriak, hau da, Ertzaintzari, udaltzaingoei eta larrialdietarako zerbitzuei, eta Barne Sailaren arabera, «gizartearen eskaerari» erantzuten dio. Azalpenak azalpen, poliziak eta babes zerbitzuak zentralizatu eta homogeneizatuta, boteregune bakarraren menpe egongo dira; hartara, udaltzaingoek, esate baterako, udalaren agintearen menpe barik, Lakuarenaren menpe prestatu eta jardun beharko dute. Alabaina, gizartearen eskaera ez da inondik inora bere gaineko kontrola areagotzea, ez da udaltzainak gero eta herritarrengandik eta haien arazoetatik urrunago egotea, guztiz kontrakoa baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo