HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Langabeen eta emakumezkoen alde egin dute Bilduren hautagaiek
GARA | DONOSTIA
Kanpaina zabala eta azkarra gauzatzen ari da Bildu koalizioa, arloz arloko proposamenak jakinarazteko asmoz. Izan ere, bere parte hartzea auzitegien menpe egon denez, kanpainaurrerik egiteko aukerarik ez dute izan hautagaiek, eta orain ekin behar diote euren programak azaltzeari, herriz herri.
Horixe egin zuten atzo, esaterako, Lizarran, Irunen, Donostian eta Alonsotegin. Irunen zein Alonsotegin krisialdi ekonomikoak eragindako biktimak izan zituzten hizpide.
Oskar Matute buru zuelarik, goizean Enkarterrietan agertu zen Bilduren ordezkaritza bat, Alonsotegin hain zuzen ere. Bertan zera salatu nahi izan zuten: «Ia urte oso bat igaro da Thyssenkrupp enpresa alemaniarrak PSOEk eta EAJk adostutako lan erreforma baliatu zuela 120 langile kalera botatzeko. Hemen ere, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Jose Luis Bilbaok, Habidite proiektuaren gezurra saldu nahi izan zigun; 1.100 lanpostu sortuko zituela agindu zuen hauteskunde garaian: gezur galanta! Birrindutako lurra eta obra hondakinak besterik ez daude hemen, gure agintariek ekarritakoaren sinbolo bikainak dira: industria eta enplegurik gabeko basamortua».
«Boterearen gehiegikeriak amaitzera doaz», gaineratu zuen jarraian. «Merkatuen exijentzia zitalei EAJk, PSOEk eta PPk erakutsitako mantsotasunaren aurrean, Bildu borrokatzeko prest dago, herritarren eta gabezia gehien dituztenen alde. Langabeziari aurre egiteko erakutsi duten gaitasun faltaren aurrean, Bildu osatzen dugunok ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko apustua egiten dugu, lan kooperatiboaren eta sektore alternatiboen aldekoa».
Irun, langabeziaren isla
Langabeen alde egiteko beharra nabarmendu zuen Bilduk Irunen ere goizean egindako agerraldian. Martin Garitano, Lohitzune Txarola eta Ander Rodriguez, guztiak Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauta- gaiak, izan ziren bertan.
Hiri horretan 5.130 lagun lanik gabe dagoela ekarri zuten gogora, hiritarren %16,4 hain zuzen ere. Horren aurrean, «Bildukoak ez gara konformatzen, ez gara `krisialdia pasako da' esanda lasai gelditzen», adierazi zuen Martin Garitano zerrendaburuak.
«Krisialdiaren aurrean alternatibarik badago, gauzak alda daitezke», ziurtatu zuen, eta jarraian Bilduren proposamenak zehaztu zituen. Esaterako, «zerga mailan dugun burujabetza erabiltzea premiazkoa da, aberastasuna behar bezala banatzeko, gastu soziala handitzeko eta iruzur fiskalaren aurka borroka egiteko». Koalizioaren ustez, neurri hauek gogoz garatzen badira, ezkerretik bestelako eredua eraikiko da.
Borroka feminista
Donostian, bestalde, Bilduk Udala borroka feministan eragile aktibo bilakatu nahi duela adierazi zuten hautagaiek. Egiako lurpeko pasabidean egin zuten agerraldia, jakina baita hori Donostiak dituen gune ilun eta arriskutsuenetarikoa dela.
Koalizioko hautagai Nora Galparsoro eta Josu Ruizen ustez, «Udalak berdintasunera bideratutako aurrekontua handitu eta gai hau udal eremu guztietan modu transbertsalean garatzen dela bermatu behar du. Udalak ezin du beste alde batera begiratu berdintasun irizpideak betetzen ez dituzten enpresei esleipen edo kontratuak egitean».
Hiriko ziurgabetasun guneak ekarri nahi izan zituzten gogora, Atotxako pasabidea kasu. Hautagaiek adierazi zutenez, «asko dira hirian dauden puntu beltzak, herritarrentzat eta bereziki emakumeentzat puntu beltzak direnak», eta horren zergatia ere azaldu zuten: «Hiriaren plangintza egiteko orduan ez dira irizpide feministak aintzat hartu, dela hirigintzan dela bestelako udal kudeaketa mailatan».
Iruñean, Sanferminetako Museoaren egitasmo polemikoaz mintzatu zen Eva Aranguren Udaleko zerrendaburua. Bere hitzetan, UPNk eta PSNk argitu behar dute horrekin aurrera egin eta «50 urtetako hipoteka» eragiten duten.