GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Egin nezakeela esan nion neure buruari; sinetsi egin nuen»

p048_f03_199x147.jpg

Josu DIAZ DE ARIZALETA «MELE»
Eskalatzailea

Isilik-isilik bada ere, Olaztiko eskalatzailea oso ibilbide oparoa egiten ari da. Egun, Euskal Herriko eskalatzaile indartsuenetarikoen taldean da; hots, muturreko zailtasunean muturra sartu du. Horren adibide da pasa den apirilaren 16an lortutakoa. Lehen aldiz, 8c+ zailtasuneko bide bat erdietsi du: «Kidetasunaren balio erantsia» (Etxauri). Marra hau kateatu duen eskalatzaile bakarrenetarikoa da.

Andoni ARABAOLAZA

«Mele» eskalada klasikotik iritsitako eskalatzailea dugu. 44 urteko olaztiar hau 12 urterekin hasi zen eskalatzen: «Osaba Juango eta Adolfo Madinabeitiarekin Egino, Etxauri, Sarabe, Urbasa eta beste leku batzuetara joaten ginen. Ondoren, Josema Urrestarazurekin asko eskalatu nuen. Pixkaka-pixkaka kirol eskaladan sartu nintzen, eta, besteak beste, Iban eta Joxan Larrion anaiekin ibili nintzen. Pareta ere egin dut». Kirol eskaladan bikain badabil ere, ez du soilik zailtasunean pentsatzen. Eskalada askoz ere gehiago da Melerentzat: «Gazteei esaten diet graduari ez diezaiotela hainbesteko garrantzirik eman, eta hobe dela marra on bat aukeratzea».

Pasa den apirilean zure lehen 8c+ graduko bidea, «Kidetasunaren balio erantsia», egin zenuen. Zer-nolako hausnarketa egiten duzu?

Aitortu behar dizut erabat sinetsita nengoela bide hori kateatuko nuela. Aurretik 8c zailtasuneko hainbat marra sinatu ditut, eta oinarri sendo hori ikusita, ohartu nintzen katera heltzeko aukera nuela. Gradu goren horretan egin ditudan bideak nahiko erraz poltsikoratu ditut, eta azken hau ere nahiko eroso egin dut. Eskalatzaile guztiok bezala, ni ere beti urrats bat gora egitearen aldekoa naiz. Zeure buruari zer edo zer gehiago eskatzen diozu, eta lortuko duzulakoan zaude.

Hala ere, orain dela urte batzuk 8c+ gradura heltzeko aukerarik ikusten ote nuen galdetzen badidazu, ezetz erantzungo nizuke. Ametsetan ere ez nuen egiten! Ni eskalatzen hasi nintzenean, adibidez, 7a-ko bideak ez ziren egiten. Horrela bada, 8a graduarekin gauza bera gertatzen zen; niretzat irreala zen, beste mundu bat. Baina dena iristen da. Ibilbide bat jorratzen duzu, eta azkenean emaitzak jasotzen dituzu. Eta «Kidetasunaren balio erantsia»rekin hori gertatu zait.

8c+ gradura salto egiteko, zergatik aukeratu zenuen Etxauriko bide hori?

Hasieran beste bat aukeratu nuen. Etxaurin dago hau ere, baina Arrano Beltza sektorean: «Knut». Kontua da bidea probatzen ari nintzela, egun batean Patxi Usobiaga azaldu zela. Patxi bistaz egiten saiatu zen, baina ez zuen lortu. Baina hurrengo saioan poltsikora eraman zuen. Zailtasunari buruz galdetu nion, eta Patxik esan zidan bere ustez 8c «ona» zela. Hots, ez zitzaion iruditu 8c+ zenik. Gainera, helduleku batek hatz batean min eman zidan, eta azkenean beste erronka bat probatzea erabaki nuen: «Kidetasunaren balio erantsia».

Patxik esandakoa entzunda, neure buruari esan nion benetako 8c+ bat nahi nuela. «Kidetasunaren balio erantsia» askoz ere ederragoa da. Eskalatzen duzun plaka gris hori oso estetikoa da; murru hori ederra baino ederragoa da; Etxauriko politena eta finena. Horretaz gain, aitortu behar dut eskalada estilo hori gustuko dudala.

Nolakoa izan da 8c+ gradura egin duzun ibilbidea? Eta nola joan zitzaizun «Kidetasunaren balio erantsia» bidean?

Azken hamar urteotan beti urrats bat bestearen atzetik egiten jardun dut. Adibidez, kanpoan 8b egiten banuen, ondoren beste urrats bat ematen nuen. Nire lehenbiziko 8c «White zombie» (Baltzola) izan zen. Marra hori egiteko entrenatu nintzen. Abuztua zen, opor garaia, eta Baltzolan ni bakarrik nengoen. Eskerrak madrildar bat handik zebilen! Nahiko erraz egin nuen. Ondoren plakara igaro nintzen, eta sinetsi nuen helburu gogor bat egin nezakeela. Zergatik ez 8c+ graduko bide bat? Eskuarki eskalatzaileok muga psikologiko bat dugu. Sinetsi egin behar duzu; ez dago beste irtenbiderik.

«Kidetasunaren balio erantsia» bidea egitea ez zitzaidan asko kostatu. Lehen egunetik ikusi nuen posible zela. Bidearen giltzan, blokean, erori egiten nintzen. Lasai hartu nuen, neure buruari inolako presiorik jarri gabe. Eta, azkenean, katera heldu nintzen. Askotan gertatzen den bezala, horrelako bideak nahi gabe ateratzen dira.

Zuk Etxaurin asko eskalatzen duzu. Lasai asko esan daiteke zure eskalada eskola kuttunena dela. «Kidetasunaren balio erantsia» bidea kateatu ahal izateko, egoera horrek asko lagundu al dizu?

Bai, inolako zalantzarik gabe. Batez ere neguan, asko eskalatzen dut Etxaurin. Nahiz eta gaur egun eskola horretan estilo ezberdinetako bideak egon, marra gehienak plaka bertikalak dira. Eta, jakina, nire estiloa denez, horrek asko lagundu dit «Kidetasunaren balio erantsia» kateatzeko orduan. Etxeko eskola da, han eman ditugu ordu gehienak...

Zer iruditu zaizu «Kidetasunaren balio erantsia»?

Ikaragarri ederra da! Finean, bide horrek giltza bat du: bloke gogor bat. Bestalde, helduleku txikiak ditu, baina ez dute minik egiten; oso nobleak dira.

Bidea probatzen ari nintzela, Adam Ondra handik zebilen. Eta jakin badakizu «Kidetasunaren balio erantsia» bistaz egin zuela. Nik ez nuen ikusi marra hau egiten; bai, ordea, ondoko «Bizi euskaraz» (8c+).

Ondra aipatu duzunez, zure bide bera bistaz egin zuela entzun ondoren, zer-nolako aurpegia geratu zitzaizun?

Aurpegia? Bada, pentsa! Beste mundu batekoa da, estralurtarra. Esan zuen «Kidetasunaren balio erantsia» bere estilokoa zela, baina nik uste dut estilo guztiak menderatzen dituela!

Ni, bederen, pozik nago lortutakoarekin. Gainera, uste dut Ondrak bide honi bouquet berezia eman diola.

Sei eskalatzailek kateatu duzue «Kidetasunaren balio erantsia». Badira, hala ere, 8c+ graduko beste bide batzuk, klasikoagoak. Zuk uste duzu «Kidetasunaren balio erantsia» klasikoa bihurtzeko «arriskuan» dagoela? Edo bere zailtasunean erreferentea izan daiteke?

Ez dakit klasikoa bihurtuko ote den. Etxaurin badira «Mamirik gabeko gorputzak» (8c) bezala bide klasikoak. Estiloari dagokionez, «Kidetasunaren balio erantsia» oso plaka fina da, bloke gogor bat du... Horrek guztiak nolabaiteko gogortasuna ematen dio. Etxekoentzat, agian, «errazagoa» izan daiteke. 8c+ bakarra daukat, eta, egia esaten badizut, besteak ez dakit nolakoak diren.

8c+ horrekin batera, hainbat 8c dituzu; besteak beste, «Fuck the police». Azken hau ere Etxaurin dago, hain justu «Kidetasunaren balio erantsia»ren ondoan. 8c-tik 8c+era dagoen salto hori nabaritu al duzu?

Ez. Alabaina, esan behar dut aurten ez dudala 8c graduko biderik probatu; «Kidetasunaren balio erantsia» izan da nire erronka bakarra. Neguan Valentziako Chulillan izan nintzen. Bistaz asko eskalatu nuen han. Ondoren, udaberri honetan helburu zehatz bat egiteko entrenatu nintzen; hain zuzen ere, egin berri dudan bideari begira. Probatzen hasi nintzenean, honako irudia etorri zitzaidan burura: «Uste dut udazkenera arte ez dudala egingo». Baina lehenago atera da. Nahiko erraz egin dut, eta agian horregatik ez dut nabaritu aipatu didazun salto hori. Egin nezakeela esan nion neure buruari; neure buruan sinetsi egin nuen.

Bide hau egin ondoren, nola ikusten duzu etorkizuna?

Kateatu bezain laster kristoren subidoia eman zidan. Orain, berriz, denbora pixka bat pasatu da eta lasaiago begiratzen diot etorkizunari. Jakina, buruan hainbat erronka ditut, eta horiek lortu ahal izateko entrenatuko naiz. Udan bistaz eskalatzen ibiliko naiz, eta udazkenean ikusiko dut. Ahal badut, helburu bati helduko diot; baina ez dakit, lanean topera gabiltza.

Orain arte esan duzuna ondo aztertuta, ziur naiz zenbaki magiko horri, hots, 9a-ri ez diozula muzin egingo, ezta?

Jakina, probatuko dut; ez diot beldurrik. Iruñeko lagun batek galdetu dit zailtasun horretako bide bat probatzeak ea ez didan nagia ematen. Nik erantzun diot oso motibatuta nagoela. Horretarako denbora behar duzu izan. «Begi puntuan» (9a) gustura probatuko nuke. Helduleku txikiak ditu, eta horiekin ondo moldatzen naiz. Tarte zailenetara heltzen banaiz, badakit zer egin: hortzak estutu eta aurrera egin. Zail ikusten badut, bada, beste helburu bat hartuko dut.

Lan kontuak aipatu dituzunez, argi dago muturreko erronka horiei ekiteko denbora nahikorik zein baldintza egokirik ez duzula. Hala ere, daukazun motibazioari esker, zailtasun gogor horretara heldu zara. Horren guztiaren inguruan, zer-nolako irakurketa egiten duzu?

Lanak nire jarduera baldintzatzen du, inolako zalantzarik gabe. Ez da batere erraza izaten lana eta zailtasun goren hori era egokian uztartzea. Kontuan hartu behar duzu bide batean saio bat bakarrik egiten dudala. Hau da, bidera joan, berotu, saio bat egin eta lanera. Hori da nire patua.

Hala ere, ez naiz egoera horretan nagoen eskalatzaile bakarra. Euskal Herrian lana eta zailtasun gogorra uztartzen ditugun eskalatzaile batzuk bagaudela esan behar da. Ezin dugu geure burua profesionalekin alderatu. Horiek oso dinamika erakargarria dute: eskalatu, entrenatu, atseden hartu... Guk, aldiz, lana tartean dugu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo