GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ESKALADA Gales

James Pearson, itzulera ezin hobea britainiar eskalada tradizionalean

Trad estiloko goi mailako jarduerarik egin gabe bolada luzea igaro ostean, eskalatzaileak, oso denbora gutxian, jarduera bikainak egin ditu; guztiak ala guztiak Galesen. Besteak beste, hainbat E8 bistaz, E9 bat zabaldu du eta «Muy caliente» bidea (E10) errepikatu du.

p051_f02_199x144.jpg

Andoni ARABAOLAZA

James Pearson berriro «taulara» igo da. Bai, britainarra berriro bere sustraietara itzuli da; hots trad estilora edo britainiar eskalada tradizionalera. Azken urteotan, batere ohikoa ez bada ere, Pearsonek kirol eskaladan jardun du; ia hiru urte. Aurreratu dugun bezala, trad estiloa adarretatik hartu du. Eta ondo hartu ere!

Joan den apirila mamitsua izan zuen; izan ere, poltsikoratu zituen bide gogorrak garrantzi handikoak dira: E8 bistaz, E9 bat zabaldu eta «Muy caliente» bidea (E10) errepikatu zuen. Gainera, marra guztiak Gales hegoaldeko Pembroke izeneko itsaslabarrean sinatu zituen.

Bai, antza denez, Pearsonek bere benetako norabidea aurkitu du: «Jende askok uste zuen desagertua nintzela; horien artean ziren babesleak, lagunak eta senitartekoak. Kontua da urrundu egin nintzela, neure buruarekin nolabaiteko borrokan bainengoen. Alabaina, jakin banekien egoera hori irauli egingo nuela, baina, aitortu behar dut ez nekiela nola egin. Gizabanako bezala hobetu nahi nuen, nire ahultasunak indartuz. Jakin banekien ere trad estiloan indartsu jarduten dudala, eta, horrela bada, nire energia osoa norabide horretan zuzendu nuen».

Tim Emmet eskalatzaileak «Muy caliente» bidea, Galesko lehen E10 marra, igo zuela entzun zuen, eta, antza denez, berri horrek bere erroetara itzultzera eraman zuen. «Bide hori nire sasoitik eta estilo horretan sinatutako bideetatik oso goitik zegoen, baina helburu hori lantzen hasi nintzen», adierazi du Pearsonek.

Hutsetik ez, baina oinarri ahuletatik hasi behar zen. Ez zuen aurretik lan erraza, trad estiloko erronkek asko eskatzen dutelako: «Nire eskaladaren puntu asko garatu behar nituen: sasoia, burua, sekuentziak memorizatzeko gaitasuna, presioa... Hori guztia lantzen lasai asko hasi nintzen, den-dena ondo baino hobeto egituratzen. Jakin banekien porrot egiteko aukerak handiak zirela. Denbora pasa ahala, puntu horiek indartu nituen. Prest nengoen «Muy caliente» bidea probatzeko; soilik saiatzea falta zitzaidan».

Erronka horri heldu baino lehen, eskalatzaileak zentzuzko urrats batzuk eman zituen. Horrekin esan nahi dugu lehen urratsa bide klasiko batzuk egitea izan zela. Eta, aitortu duenez, lehen sentsazioak oso onak izan ziren: «Gustura jardun nuen, eta horrek nire motibazioa indartu zuen».

Denak arrapaladan

Berotzen hasteko, Pearsonek hainbat E8 bistaz egin zituen: «Lehena, `Point Black' izan zen, frantziar eskalan 8a-koa. Gero, «Daddy cool». Ez da zaila, baina oso erorketa arriskutsuak ditu. Eta amaitzeko, gradu horretan, «From dusk till dawn» sinatu nuen. Ederra baino ederragoa da, eta oso mugimendu onak ditu».

Sorta hori bereganatu ondoren, britainiarrak E9 bat zabaldu zuen: «Do you know where your children are?». Pearsonentzat bide hau oso teknikoa eta buruari asko exijitzen dio.

Marra horiek guztiak egin ondoren, bazirudien lerrootako protagonista prest zegoela bere erronka nagusiari ekiteko. Gogora dezagun, 2008ko udazkenean, Pearsonek «The walk of life» bidea zabaldu zuela eta harentzat E12 proposatu zuela, hau da, trad estiloko biderik gogorrena, frantziar eskalan 8c+ izan daitekeena, baina, hori bai, paraboltik gabe eta balizko erorketa baten ondorioz hiltzeko arriskua duena.

«Muy caliente» biderako asmo interesgarria zuen: lehen aldiz E10 bat flash eran egin. Saiatu zen, baina flash-ean ez zuen atera. Marra hori Emmetek, zabaltzeaz gain, lehen igoera egin zuela, eta bigarrena Steve Townshend-ek sinatu zuela.

«Bidearen gaineko informazio guztia barneratu ahal izateko, nire lagunak marra hori igotzen ikusi nituen. Informazio hori ondo baino hobeto aztertu eta buruan gorde ondoren, «Muy caliente»-ri ekin nion. Azken mugimenduan huts egin nuen; nire ametsa apurtu zen. Banekien eskura nuela, eta biharamunean itzuli nintzen. Ez nuen zalantza egin, mugimendua bikain egin nuen eta pauso zailena gainditu nuen», adierazi du Pearsonek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo