GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Mataza askatu, hariak bildu

Mando baten gainian Domingo Kanpaina ez diho-a hutsikan mando horren gaina... bertsolari harena izan dut egunotan gogoan, aipatzerik merezi ez duen arrazoiarengatik. Mezulari larregi hain mezu gutxirako. Nonbait mezuen merkatura ere heldua da krisia, orduko horma haietan idatziak, irudimena agintari, berea egin duen seinale. Agintari bai, baina irudimena? Hamarkada gutxitan petrolioa bezain urria da gaur bertan agintarien irudimena, gestioaren eremu hutsera eraman auto-poza baino ez. Gaurko gauean hasita agintari izango diren asko zorioneko salbuespena izango direlakoan nago, beste haien legearen ertzera bildu direnak gogoan. Bai, aginte makila eskuan izan arren, Bizkaiko bertsolari txapeldunak finalean bota zuena gogoan. Tira, harira. Gogoeta azken egunera mugatzen duenak ez luke boto-eskubidea izan beharko ganorazko demokrazia batean. Kanpainan, bai; mandotan gutxi, astotan dezente; barka nazatela berezko astoek!

Denetarik entzun behar izan dugu, belarriak aspertu arte. Gestioaren auto-pozak bultzatuta edo, jelkideen buruak autoa prest dutela bota zuen plazako oholtza moduko zer batetik. Ibilgailua IATa pasatua dela, GPSa duela eta erregai-tanga betea. Esan ez zuena, ostera, funtsezkoena da, zein norabidetan azeleratuko duten eta zeinetan galgatuko, eta emisioen zenbatekoa, jakina, eta bidesarien zer-nori-nork, eta... gauza larregi kanpaina baterako. Tira, gure gurdiaren atzerako ispilua ez dute engainatuko, garbitu berria dugu eta. Minduta-edo ageri zen buru hori lehengoan, nonbait Bildura bilduen amalgama horretakoak Internazionala kantatzen izan omen baitziren hamaika plazatan, eta ukabila jasoa, akabua gero! Mehatxua gero! Ez dut batere ulertzen, ez rien ez nada, Musikenen ikasiak dira eta!

Hainbeste kanpaina, eta gauza benetan inportanteak bazter geratu dira. Asiako liztorra, kasuko, vespa velutina nigritorax; zeinek du hori gogoan? erleek berek ere ez. Eta zelan ahaztu Euskal Sukaldaritza Berriaren garaian eskolako umeak bokatatan prestatzen direla bihar-etziko bikaintasunerako? Ama, ama! Amalgama. Herenegun Riomundo eta Apaizak obeto-ren atzean den bertsolariak orriotan utzi bezala: itsasora goazen ibaiak gara. Are gehiago, errekan, eta plazan, dabilen harriari ez zaio goroldioa lotzen. Zorionak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo