Xabier Alegria | Udalbiltzako kide ohia. Puerto III espetxetik
Aske izateko libre aritu: lotu auzolanari
Garai berriak bizitzearena liteke laburpenik trinkoena azken hilabeteotako joana adierazteko unean. Berriak, aroz eta giroz. Hamaika izan daitezke bizitutakoaren bidean mugarritzat zehatz zitezkeenak, eta hor bakoitzak barazkirik gustukoena hautatuko du eltzetik. Arrautza eta oiloaren arteko gurpil zoroan harrapatuta gelditzeko arriskurik dagoen arren, sano polita litzateke lagun arteko solasaldia, azken hilotan emaniko urratsen nondik norakoaz.
Baina gurean etorkizun den mugarri batek dauka egunotan solas-ardatz lekua guztiz bereganatua: maiatzaren amaieratik aurrerakoa. Badakigu, jakin, oraingoz orain korapilo frankorik falta dela, eta kezkak badirena, epe laburragoan ere, pila. Udalbiltzaren esperientziak utzitako arrastoari jarraiki gabiltza geu guztiz, eta horren argitan, bizitako jardun-urteetatik eta pairatutako errepresio-epaiketatik, zenbait ondoriok bizi gaitu, geroko ondare sendo. Eta hausnarketa xumeok dira, hain zuzen ere, zuekin, Euskal Herria aske bihotzean eta bolondres aritzeko prestutasuna eskuetan izaki, aletu nahi ditugunak, abiatutako bidean aurrera jo dezagun.
Euskal Herriak bizi behar du: Nahia eta premia. Borondatea eta ukazioa. Ahalegin etengabea eta desegituraketa sistematikoa. Goitik behera, botere nagusiak euri azidoa gure amalurrean. Sasi guztien gainetik, auzolana ongarri. Biziki nabarmen ageri zitzaigun Udalbiltzaren jarduera abiatu eta berehala Euskal Herria herri zatikatua, ukatua eta kolpatua dela. Neurriz kanpo batere aritu gabe, zintzotasun osoz esan dezakegu bekoz beko jo egiten genuela, egunero, gure herriaren aurkako heriotza-zigor zuri, isilpeko horrekin. Eta horren aurka.
Aro berri baten atalase bidean, egun, egiturazkoa den zigor eta ukazio hori ez da arindu, begi-bistan dena. Aldaketa politiko sakon baten premia bizi-bizia da, beraz. Eta funtsezko osagai horrek, Euskal Herriaren ukazio estruktural eta gordinak, bere horretan dirauela, panorama sozial eta politikoan jada martxan diren bestelako aldaketak profitatuaz, premia larri dugun aldaketa ezin gera daiteke, oraingoan ere, estatuen erantzunaren zain, menpe. Edota beste zer dagiten-ez dagiten begira, elkarri «nota» jartzeko ariketa hutsalean.
Aldaketak, bistan da, zeregin ugari dakar berarekin. Baldintza demokratikoak eskuratzea, hautu politiko eta pertsona orok askatasun osoz eta aukera berdintasunean jardun ahal izan dezan, liteke, agian, premiazkoena. Edota, egungo krisi ekonomikoak, zer den izena eta zer izana beste baterako utzita, eragindako lurrikara sozialari erantzutea, hainbat eta hainbat eskubide ukazioren eragile izaki. Giza eskubideak, horiek ere. Independentziari, Euskal Herriarentzako hautu egokiena izateaz gain, premiazko deritzogunoi, nola ez, horren arrazoiak eta bideragarritasuna jendarteratzea ere badagokigu, bidean aurrera, begi bat urratsean eta bestea ortzimugan.
Bina, «Herriak bizi behar du!» haren ildotik planteatzen dugu egungo jarduna; hain zuzen ere uste dugulako «Iparraldetik haize (berria) datorrela», kantuan kateatzen zaigula esaldia, gogo-bihotzean. Herriak bizi behar du; herria bera bere buruaren autoafirmazio sortzailean arituz, lurrari oso atxiki jardunez, norberaren apurrez indarrak metatuz, horretan gakoa auzolanean datzala beti presente. Eta jakinik zeregin eta behar ugari baino ugariagoak direla. Eta, hala ere, bizipozez beteriko ahaleginari helduz. Lana, afana. Baina ez zama.
Inguruan, lehen eta orain, hamaika lagun ezagutu dugu urte luzeotan aldaketari so, hasieran pozarren, gero putzuan. Baina, funtsean, begira. Zereginik gabeko. Hala nahi gabeko ugari, egia esateko. Gustura helduko liokete aitzurrari, nola eta zer jorra jakin orduko. Eroso, guztiz, baziren ere, hitz polit asko ederki dantzatzen zuten arren. Aldaketa politikoaren zain geratu izanaz denok egin izan dugu hausnarketa autokritikorik. Balizko negoziazio politiko batek ekarriko lukeelakoan; zain, albisteen sasitzan berriak bilatuz.
Oraingoan ere antzeko ez ote gabiltza? Ea Espainiako estatuak noiz joko duen turuta, fase politiko berria ofizialduaz (frantziarra beti bezalako laissez faire pasoan ariko denaz ia-ia etsituta).
Argi izan dezagun: aldez edo moldez, Espainiako Erresumak eta Frantziako Errepublikak, eskuz esku helduta, gogotik kolpatuko dute Euskal Herria biziberrituko duen jardun estrategiko oro. EHLG edo Udalbiltza deitu. Izan liteke aitzakia biolentziarekiko ustezko lotura, edo la grandeur errepublikanoa mindu izana. Kolpeak, oztopoak eta trabak gordinak eta gogorrak izango dira geroan ere. Epaiketetan errugabetuta ere (eta hori garaipen itzela izan dugula ahaztu barik), zauriak eragiteko gaitasuna beti zorrotz.
Moldeak bestelakoa behar du, ezinbestean, beraz. Laborari matxino-sortzaileena da eredu; amalurrari oso atxikiriko bidea, hamaika ekimenetan sustraitua, urlasterraren aurkako norabidean ari denaren izokinaren dotoreziaz -eta bizipozaz- jantzitakoa. Eta ez gara ari soilik ur jauziei gain hartutako une ikusgarriez; agerikoa ez den etengabeko igeri egiteko dohainaz baizik. Herri izatearen sustraia elkar josiz saretutako borondate askean eta askatasun egarrian datzanez gero, norberaren harri-koskorrez osaturiko bidarri dotorea, bere xumetasunean, osotuko dugu aro berri honetan. Uztaro baino, oraindik ereitekoa gehiago. Baina, hori ere ziur, emaitzaz oparo izango dena.
Bizi bedi, beraz, berria: Aro berriaren mugarri premiarik izatekotan, udazkenari begira duela 12 urteko Euskalduna jauregikoa berritzeko berehala hasi behar da lanean. Herri zinez gabetua da gose. Ele, lurralde, hizkuntza, selekzio, aitortza eta izenik ere gabeko herria dugu gurea; dena premia, dena bide. Badugu, ordea, indar erraldoirik, ekimen xume, txiki, askotan barrena. Eginiko bidea eta lorpenak gutxietsi gabe. Baina bidea bera dugu estrategia ildo eta hodeiertza ardatz.
Garaipenaz baino, garapenaz kezkatu behar dugula esango genuke, inork halako esamoldeari ez balio kutsu porlanzalerik erantsiko berez. Gu geu izan eta esan. Nazio eraikuntza, partekatze-sorkuntza delako, bideragarri bakarra. Gutxirekin, asko. Erein eta aitzurtu, izerdiz bai, ez purran edo nora ezean. Auzoz auzo, arloz arlo landutako programazio zehatz bati lotuta. Lana zeregin, beharra baino. Afana gogozko, premiazko baino.
Euskal Herrian boterea eskuratzeko ikusmira hilda zegoen jaio baino lehen. Eta orain ere, XXI. Mendeko mundu aldrebes honetan, herri aske izateko ahalmenak, indarrak, ametsak eta egitasmoak dira irabazi, eskuratu beharrekoak. Herritarren eta udalerrien arteko sinergian botere, ahalmen, indar ugari aurkituko dugula, ziur. Aurkitu eta berritu, berpiztu, birsortu, biderkatuko ditugu ia oharkabean. Udalbiltzan ibilitakoon eskarmentutik diotsuegu.
Etapa, aldi, aro berri bati ekiteko unea ailegatuta, alderdi eta epe motzeko perspektiba orotik haratago, ekin diezaiogun orube emankorrenari, udalgintzan eta herri bakoitzean sustraituriko nazio sorkuntza auzolanekoan arituz. Euskal Herriak munduaren aurrean bizi behar badu, horixe du ispilu-emisore mundiala. Udalbiltza, izana. Gutxienekoa, izena.
Lotu, beraz, auzolanari. Heldu erantzukizunari udal hautagai eta hautetsi izango diren guzti-guztiok. Bidea zail eta malkar izango dela? Jakina. Horrexegatik, eman dezagun... umore! Eta, Miren Amurizak duela gutxi azaldu bezala, bertso hau burutzeko atzera jo behar badugu ere, berrekin gaiari eta segi aurrera.
«Lagun, etor gurekin/ denek elkarrekin/ badugu zeregin...»
(*) Artikuluarekin bat egin dute auzipetutako beste hogei Udalbiltzakideek.